Arantza Urkaregi eta Iñaki Olalde ezker abertzaleko kide presoak aske utziko dituzte gaur, sei mila euroko bermepean. Urtarrilaren 23an atxilotu zituzten, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle elkartearen kontrako operazioan.
Amparo Lasheras, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña ere atzeman zituzten, eta sei horiek bihar geratuko dira libre, bermepean. Urtarrileko operazio berean Tasio Erkiziaren, Marine Pueyoren eta Miren Legorbururen etxeak miatu zituzten, besteak beste. Garzonek Arantza Zulueta abokatuari esan zion D3M Batasuna legez kanpoko alderdi politikoaren segida dela "frogatu" nahi zuela.
Martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezteko asmoa zeukan D3Mk. Espainiako Justiziak, baina, baliogabe utzi zuen, bozen kanpainaren atarian -Askatasuna alderdi politikoa ere bai-. Garzonen operazioa lehenago izan zen.
Aipatutako zortzi lagunak Euskal Herritik kanpoko kartzelatan eduki dituzte.
Urkaregiren behin-behineko askatasuna eskatzeko sinadura bilketa egin dute azkeneko asteetan Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta guztira hainbat alorreko langilek eman dute atxikimendua. Sinadura bilketa Espainiako Auzitegi Nagusian aurkeztu zuten.
Euskal presoak
Arantza Urkaregi eta Iñaki Olalde libre utziko dituzte gaur, sei mila euroko bermepean
Amparo Lasheras, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Agurtzane Solaberrieta eta Hodei Egaña bihar geratuko dira aske. Urtarrilaren 23an atxilotu zituzten, D3M hautesle elkartearen aurkako operazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu