Guardia Zibilak Arantza Zulueta abokatua atxilotu du gaur arratsaldeko lehen orduan Hernanin (Gipuzkoa), Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta. 16:00ak inguruan zenbait hedabidek zabaldu dute albistea eta BERRIA.INFOk baieztatu ahal izan du. Atxiloketaren unean adierazi diote bere egoera aldatu egin dela, eta bihar 10:00etan deklaratuko du. Ez dute inkomunikatu.
Polizia iturriek diote atzo Baigorri inguruan aurkitu zituzten zuloen planoak aurkitu zituztela iazko apirilean Zuluetaren bulegoan. Poliziaren arabera, Baigorri inguruko zuloetan 20.000 euro, tenporizadore bat, bi arma eta lehergaiak egiteko materiala aurkitu dute.
Planoak Zuluetaren bulegoan ezkutatutako pen-drive batean zeudela zabaldu du Poliziak, eta informazio asko gordetzen zuela. Zuloak orain arte aurkitu ez badituzte pen-drive-an zegoen informazio guztia aztertzeko denborarik ez dutelako izan dela argudiatu dute Polizia iturriek.
Zazpi hilabete espetxean egon ostean, bere kontrako neurririk gabe libre geratu zen
Ustez planoak atzeman zizkioten operazio zabal horretan Zulueta atxilotu egin zuten, ETAren mezulari zelakoan, beste hainbat lagunekin batera. Zazpi hilabete igaro zituen espetxean, eta bakartuta igaro zituen horietatik sei; horrek hainbat protesta egitera eraman zuen abokatua.
Abenduaren 2an utzi zuten aske Zulueta, 60.000 euroko bermea ordainduta. Martxoan Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean deklaratu ostean, Fiskaltzarik bere kontrako neurririk eskatu ez zuenez, geratu zen libre.
Amaia Esnalen abokatua da Zulueta Bateragune auzian eta aurreko astean parte hartu zuen epaiketa horretan. Beste gauza batzuen artean gatazka gainditzeko sortu diren aukerak ez zapuzteko eskatu zion epaimahaiari.
Zulueta aske uzteko eskatu du ezker abertzaleak
Ezker abertzaleak gaitzetsi egin du Zuluetaren atxiloketa, eta berehala aske uzteko eskatu du. ETAk bidali duen azken agirian bere konpromisoa berretsi duen egunean "Estatuaren erantzuna" errepresioaren bidez etorri dela nabarmendu du.
"Ezker Abertzaleak dei egiten dio Estatuari blokeozko jarrera oztopatzailea alboratzeko eta horretarako errepresio oro bertan behera uzteko", dio gaitzespen oharrean.