Arantza Zuluetaren egoera salatu dute hainbat eragilek

Abokatu presoaren egoera salatzeko larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute

Bilbo
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko Zazpikaleetako hainbat auzokide eta eragilek, Arantza Zulueta abokatu eta presoaren egoera salatu, eta bat egin dute larunbatean Arriagatik abiatuko den manifestazioarekin. Lola Gomezek eta Ainhoa de Miguelek, auzokideen eta atxikitako eragileen izenean adierazi dutenez, «erabateko bakartze politikoa eta fisikoa jasaten ari da Arantza».

Arantza Zulueta joan den apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak, euskal preso politikoak defendatzen zituzten beste hainbat abokatu bezala. Orduz geroztik, erabat bakartuta daukate. Caceresera (Espainia) eraman zuten lehenbizi, eta jasan behar zituen bizi baldintzen gogortasuna salatzeko, protesta ekimenak burutu zituen espetxeko beste preso politikoekin batera. Urriaren 23an lekualdatu zuten Malagara, bertan, baldintza are gogorragoetan bizi delarik, eta azaroaren 15ean, gose grebari ekin zion.

Malagako espetxean dagoen euskal preso bakarra da Zulueta. Guztiz bakarturik dago, ez du beste presorik ikusi ere egiten. Egunean lau orduz hogei metro karratuko patio batera ateratzen dute, eta miaketak egiten dizkiote egunero.

De Miguelen arabera «Zulueta bere larruan ezagutzen ari da,hainbat urtez salatu duen espetxe politikaren aurpegirik krudelena». Auzokideek argi dute: «Mendeku hutsa da». Lehen graduak berezkoak izan ohi dituen murrizketez gain, beste neurri «suntsitzaile» batzuk jasaten baititu.

Salaketa hori bideratzeko, mila gutun baino gehiago idatzi dituzte auzokidek. Gutunok,Malagako espetxeko zuzendariari, eta Mercedes Gallizo, espetxe zuzendaritzako zuzendariari, bidaliko dizkiote, «jasaten ari den isolamendu ankerra preso politikoen kolektiboaren alde egindako lanaren ondoriotzat joz, eta egoera hobetzeko neurriak exijituz».

Oraingoz, 17 eragilek eman diote atxikimendua larunbateko manifestazioari; Bihotzean auzo elkarteak, Zazpi Katu gaztetxeak,IPES, Ezker Abertzaleak, Eusko alkartasunak, Elkartzenek eta Etxeratek, besteak beste.

Askatasun eskaera Europatik

Bestalde, Behatokiak, Zuluetaeta gainontzeko abokatu espetxeratuen askatasuna exijitzen duen manifestuarekiko atxikimenduak biltzen jarraitzen du.

ELDH, demokrazia eta giza eskubideen aldeko Europako abokatuen taldeak, euskal abokatuek pairatzen duten «jazarpen eta kriminalizazioa» salatu du, preso direnen berehalako askatasuna eskatuz. Sakabanaketa politikaren aurka azaldu dira, eta inkomunikazioa eta bakartzea nazioarteko printzipio eta mekanismoen errekomendazioen aurkakoak direla gogorarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.