Iruñeko Arantzadiko baratzeetan beste lagun bat atxilotu du gaur Poliziak. Egunero bezala baratzeetara hurbildu dira herritarrak eta makinak sartu gabe zeuden eremu batean aitzurra hartu eta lanean hasi dira. Denborarik galdu gabe udaltzaingoa bertaratu da eta bertan egotea debekatuta dagoela adierazi. Tentsio uneak bizi izan dira poliziaren eta herritarren artean. Azkenerako lagun bat atxilo eraman dute.
Bestalde, goizaldeko hirurak aldera behin-behinean aske utzi dituzte atzo atxilotutako bi lagunak, desobedientzia zibila egotzita. Arantzadi Auzolanean ekimenak elkarretaratzea egingo du, Iruñeko udaletxearen aurrean, 20:00ean. Asteartean makinak sartu zirenetik, lau lagun atzeman dituzte, obrak oztopatzea egotzita.
Iruñeko Udalak hirigintza plan bat du martxan Arantzadi ingururako, bertan parkea eta baratzeen interpretaziorako zentro bat egiteko. Horretarako, urteetan eremu horretan egon diren baratzeak hustutzen ari da. Egitasmoaren aurka sortu zen Arantzadi Auzolanean ekimena, eta azken hilabeteetan lurrak garbitzen eta baratzeak berritzen aritu da.
Bi hilabetez baratzeetan lanean aritu ondoren, barazkiak biltzen hasiak ziren. Azken bi asteetan, Paris 365 jangelari eman dizkiote Arantzadin sortutako barazkiak, beharrean diren pertsonei jaten emateko. "Arantzadik bizirik jarraitzen du gure bihotzean", esan dute Arantzadi Auzolanean ekimeneko kideek, eta baratzeen alde lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.