NAFARROA

Arantzadiko baratzeetan sartu dira makinak, eta lagun bat atxilotu dute

Iruñeko Udalak aurrera jarraitzen du hirigintza planarekin. Gaur goizean sartu dira makinak, eta Arantzadi Auzolanean ekimenak baratzeetara joateko eskatu du, protesta egitera.

2012ko abuztuaren 28a
17:20
Entzun

Makinak sartu dira Arantzadiko baratzeetan. Aurreko egunetan hesitu dute ingurua, obrak hasteko, eta gaur goizean sartu dira makinak hesitutako eremu barrura, lurrak mugitzen hasteko. Makinak gelditzeko protestan ari zen pertsonetako bat atxilotu egin dutela ere jakinarazi du Arantzadi Auzolanean elkarteak. Orain bertan, eremua inguratuz, kilometro bat inguruko tartean, poliziak jarri dira, eta ezinezkoa da eremu barrura sartzea. 

Iruñeko Udalak hirigintza plan bat du martxan Arantzadi ingururako, parkea eta baratzeen interpretaziorako zentro bat egiteko. Horretarako, urteetan eremu horretan egon diren baratzeak hautsi behar ditu. Egitasmoaren aurka sortu zen Arantzadi Auzolanean ekimena, eta azken hilabeteetan lurrak garbitzen eta baratzeak berritzen aritu dira.

Poliziak etengabe jarraitu eta oztopatu du Arantzadi Auzolanean ekimenaren lana. Joan den asteburuan bertan, lurra lantzeko makina bat errekistatu eta lagun bat atxilotu zuten poliziek.

Arantzadi Auzolanean ekimenak elkarretaratzera deitu du biharko. Iruñeko udaletxearen aurrean egingo dute, 12:30ean. Irailaren 1erako, bestalde, elikadura burujabetzaren aldeko ekimenak antolatuak zituen lehendik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.