Arartekoekin bilerak egin nahi dituzte alkateek, Portlandi buruz

Olatzagutian zaborrak erretzeko asmoaren aurkako jarrera berretsi dute Bilduko zenbait hautetsik, jendaurrean

edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bilduko hainbat alkatek bat egin dute Cementos Portland fabrikak Olatzagutian (Nafarroa) hondakinak erretzeko duen egitasmoaren aurka. Jendaurrean agertu dira Sakanako, Goierriko eta Arabako Lautadako hainbat hautetsi, herritarren iritzia kontuan hartzeko eskatzeko. «Proiektu hori inposatu nahi digute», azpimarratu du Olatzagutiko alkate Gurutze Rodriguezek. Hori dela eta, Nafarroako eta EAEko arartekoei bilerak eskatu dizkiete, auzian esku har dezaten.

Alkateek kezka agertu dute Nafarroako Gobernuak proiektuari babesa eman diolako. Roberto Jimenez presidenteordeak erran du proiektu hori udalaz gaindiko sektore plantzat jotzeko zirriborroa jaso bezain pronto, «ahalik eta azkarrena» tramitatuko dutela. «Udalaren autonomia bazter utzi du Jimenezek», salatu du Olatzagutiko alkateak

Bilduko hautetsiek nabarmendu dute gizakion osasunari kalte egiten diotela errauste plantek. Olatzagutian hondakinak erretzeko proiektuak eremu horretako ekonomiari ere kalte eginen liokeela gaineratu du Rodriguezek.

Goi tentsioko linearen aurka

Autobide Elektrikorik Ez taldeko kideek lanean jarraitzen dute Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso artean goi tentsioko linea egiteko proiektuaren aurka. Bilerak eskatu dituzte Nafarroako presidente Yolanda Barcinarekin, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanorekin eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Bernabe Undarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.