Nafarroako Larrialdi Zerbitzuek jakinarazi dutenez, suhiltzaileek kontrolpean dituzte atzo arratsean, Aras eta Bargota artean, Lizarrako merindadean sortu zen sutearen bi fronte nagusiak. Goizean goiz larrialdi zerbitzuek eremua aztertu dute nolako kalteak izan diren zehazteko, eta eguerdirako kontrolatutzat jo dute sutea. Guztira, 1.000 hektarea harrapatu dituzte garrek, nahiz eta kaltetutakoak gutxiago izan den. Galar eta Viana lotzen dituen NA-110 errepidea itxita dago 64. eta 75. kilometroen artean.
Egun gutxitan Nafarroan piztu den hirugarren sutea izan da. Arasko herritarrek oso gertu eduki zuten sua, eta baratze batzuk erre zituen, baina haizea aldatu eta Bargota aldera mugitu ziren garrak. Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, bigarren mailako sutea 17:30 aldera piztu zen, zergatik ez dakitela. Hara 185 suhiltzaile eta 7 hegazkin bertaratu dira bart. Sua kontrolatzeko zailtasunak direla medio, Arabako eta Errioxako suhiltzaileen laguntza eskatu du Nafarroak, baita Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioarena ere.