Aratz-Aizkorri natur parkea Euskal Herri osoko garrantzitsuenetako bat izango da. Eremuari dagokionez, bigarren multzokoen artean egongo da, Bardeakoaren ondoren (42.500 hektarea): Urbasa-Andiakoak 21.500 ditu, Gorbeiakoak 20.000, eta Aratz-Aizkorrik 19.400 izango ditu orotara.Arabak parkeko 2.150 hektarea besterik ez zuen hasierako onespena jaso zuen agirian eta 1.685 gune periferikoan. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak alegazioen gaineko fasean beste era batera orekatzea onartu du: 3.139 izango ditu parkean, eta 753 baino ez gune periferikoan.Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko jarduneko Bioaniztasun zuzendari Josu Erkiagak baieztatu duenez, begi onez ikusi dute Araban ia mila hektarea handitzea, «natur diagnosia» egin ondoren, eta «arrazoibide teknikoetan oinarrituta». Nolanahi ere, Lakuak oso aintzat hartu du Arabako Biltzar Administratibo batzuek «borondate politikoa» agertu dutela, parkean sartzeko eskaera eginez, «hori ez baita ohikoena izaten». Zalduondo, Gordoa, Arriola eta Galarretako biltzarrek lortu dute, gehienbat, parkean zuten gunea handitzea.Biltzarrez gain, Arabako elkarte ekologista batzuek ere eskatu zuten Aratz-Aizkorri parkeak hasieran zuen hektarea kopurua baino gehiago izatea. Ildo horretan, herriek parkea 4.220 hektarea handitzeko eskatu zuten alegazioen fasean. Eusko Jaurlaritzak, bada, aldarrikatutakoaren laurdenetik behera besterik ez du onartu. «Erdibidean geratu gara, nolabait», azaldu du Erkiagak.Jaurlaritzako Ingurumen Sailak dio «natur balioa» izan duela argudio nagusi zonifikazioaz erabakia hartu duenean, baina saihestu egin nahi zuela Arabako eta Gipuzkoako diputazioek kudeatu ezinezko munstroa egitea, «aldundiek dauzkaten diru baliabideak baitituzte gero kudeatzeko».Arabako Diputazioa ados dago Eusko Jaurlaritzak ebatzi duenarekin. Normala da, bi erakundeek batera adostu dutelako zer gune sartu parkean. Oro har, Foru Aldundiko arduradun Malen Vilchesen esanetan, parkeak zeharkatzen dituen ekialdeko inguruak hobetsi dira Aratz mendiaren ingurukoak, esaterako «arrazoi geomorfologikoak, paisaiari buruzkoak eta ekosistemen egoeraren gainekoak kontuan hartu ondoren».
Aratz-Aizkorri parke izendatzeko «zailtasunak»
Naturaren aldeko elkarteek, ordea, kritika asko egin dituzte hasieratik. «Natur balio handiko milaka hektarea geratuko dira kanpoan», salatu zuen Hontza taldeak iragan martxoan. «Europan kontserbazioari buruz indarrean dauden araudiak betetzeko asmorik ez dago», aurpegiratu zion Eusko Jaurlaritzari.
Jaurlaritzako arduradunak, baina, pozik daude Aratz-Aizkorri natur parkearen bide malkartsua burutzekotan direla ikusirik. «Parkeak zailtasun jakin batzuk izan ditu hasieratik: lehenengo eta behin, bi lurralderen gainean dagoelako, baina, gainera, kudeaketa neurri logikoetan bermatu behar zelako, tartean Partzoneriak ere zeudela jakitun». Guztira 11 udalek parte hartzea edo Gipuzkoako lursail dezente pribatuak izatea ere oztopo izan direla dio.
Armañongoa «aurreratuta», eta Entziakoa laster batean
Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen 2006. urterako hiru parke izendatzeko, Ingurumen Estrategia zela eta: Aratz-Aizkorriz gain, Entzia (Araba) eta Armañon (Bizkaia), Karrantza aldeko naturguneak arautzeko. Erkiagak espero du Gobernu aldaketak ez duela eragingo Aratz-Aizkorriren prozesuan eta Gobernu Batzordeak uztailean onetsiko duela. Armañongoa ere «nahiko aurreratuta» dagoenez, legealdia «konpromisoa beteta» bukatuko dutela azpimarratu du: «Garrantzitsua da Erkidegoko balio handiko gune batzuek arautzea izatea».
Entziakoari buruzko dokumeentua «martxan» utziko du gaur egun jardunean dabilen lan taldeak. Dena dela, Entziakoak zertan arazorik ez duela eman aurreikusi dute.
-
Datua
10
Duela 10 urte hasi zen Aratz-Aizkorri natur parkea sortzeko prozesua. Hona azken pausoak:Otsailak 22: Alegazioak jartzeko epea amaitu zen.
Maiatzak 16: Sabin Intxaurraga sailburuak behin-behineko onespena eman zion.
Uztaila: Arazorik ez bada, behin betiko onartuko da uztailean.
-
ARRIOLAKO BILTZAR ADMINISTRATIBOA
«Irizpideak ez dira teknikoak izan, politikoak baizik»
Arabako Biltzar Administratibo guztiak ez daude pozik Eusko Jaurlaritzak ebatzi duenarekin. Arriolako (Araba) Biltzarreko idazkari Julia Nogueira, adibidez, ez dago ados: «Araban handitutakoarekin ez gaude gogobeteta, ezta hurrik eman ere. Inozoak izan gara hasieratik, interes komunitariotzat hartutako herriko leku batzuk parkean sartuko zirela uste genuelako, baina gero ikusi dugu ezetz; sartu dira, ordea, moztu beharreko pinudiak...». Eusko Jaurlaritzako arduradunek behin eta berriz arrazoitu dute irizpide teknikoak nagusi izan direla erabakian, baina Nogueira ez dator bat: «Irizpideak ez dira teknikoak izan, politikoak baizik. Gipuzkoako Foru Aldundiak parkeari ekin nahi zion eta natur interesik gabeko gune batzuk sartu ditu parkean, baina Arabako aberastasun handiko batzuk kanpoan geratu dira». Beretzat ez da irizpide «homogeneorik» erabili. Alegazioak aztertuta, onetsitako ia mila hektareako hazkundea ez dela «esanguratsua» dio.
Albenizko (Araba) Biltzarreko lehendakari Alfredo Saenz de Arregik, berriz, begi onez ikusi du handitutakoa. «Horrela erakunde txikiok ere lortuko dugu parkean parte-hartze zuzena izatea».