Arnaud Gaillard. RAIDH sareko presidenteordea

«Araudietan ez da 'sexu' hitza aipatzen, pudorea eta lizunkeria baizik»

Soziologoa da Gaillard, eta bihar Baionan izanen da OIP Nazioarteko Presondegietako Behatokiak antolatu duen 'Presondegiak eta sexualitatea' mahai-inguruan parte hartzeko.

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Presondegiak eta sexualitatea eztabaidan parte hartuko du bihar Arnaud Gaillardek, espetxeetan diharduen RAIDH sareko ordezkariak. Arratsaldeko zazpietan izanen da, Baionako mediatekan.Frantziako espetxe sistema duela berrehun urteko irizpideetan oinarritzen dela dio. Presoek ez dute harreman sexual eta afektiborik garatzeko paradarik, eta zigor luzeak dituztenengan, nortasun arazo larriak eragiten ditu.

Presoen sexualitatea aipatzerakoan, ezagutza eza eta interes falta nabarmentzen dira. Zergatik?

Jendeak ez du horretaz deus jakin nahi. Kondairak, esamesak eta ametsak nagusitzen dira. Frantziako espetxeetan presoek ez dute harreman intimoa ukaiteko eskubiderik. Sistemak debekatzen du, eta horrek ondorio latzak ditu pertsonengan, bai preso daudelarik, bai ateratzen direlarik. Gizonen kasuan, neskekin harreman intimorik ukan ezean, sistemak uzten dien aterabide bakarra norbera askiestea da, masturbatzea. Emazte bat ikusten duelarik ezin du sentimendua edo desioa bizi. Zigor luzeen kasuan, bikotekidea gero eta lausoagoa bihurtzen da, presoaren baitan zalantzak sortzen dira. Bertzeak ez duela desiratzen uste du, eta bertzearekiko desioa desagertzen da.

Frantziako presondegi zentraletan homosexualitatea arrunta dela diote. Zer da, mitoa edo errealitatea?

Bereizi behar da gizonen kasua eta emazteena. Pentsa daitekeenaren aurka, gizonen artean homofobia da jarrera zabalduena. Gizonak sentitzen duelarik ez dutela eta ez duela desiratzen, zalantzan ezartzen du bere generoa. Nortasuna hautsi diote, ez daki nor den. Neskek ez dute horren presio handirik, naturalago adierazten dute sentimendua, samurtasuna. Emazte bat maitatu arren, sistemak ez du zalantzan jartzen haien generoa. Espetxeak erabateko konplizitatez onartzen du nesken kasua, baina bestela jokatzen du gizonekiko. Gizonek muturreko bortizkeria garatzen dute. Gizontasuna zalantzan dagoela sentitzen dute, eta erronka hori gainditzeko bidea indarra edo bortizkeria erkatzean ikusten dute. Homosexualitatea zigortuko dute, jarrera homofoboak garatuz, muturreraino. Gizontasunaren mito faltsua eraikitzen dute generoaren ideia garatzeko. Ez da espetxeetan bakarrik gertatzen. Armadan ere gertatzen da.

Zer eragiten du afektibotasuna fisikoki trabatzeak?

Sexua ez da gertakari arrunta. Horren gibelean afektibotasuna dago, maitasuna. Bizi arruntean norberaren nortasuna eraikitzeko gertakari garrantzitsua da, gizartean tokia hartzeko tresna. Hori ezin da garatu bisita geletan. Harreman fisikoak debekaturik daude. Zaindariek ezikusiarena egiten dute, baina baldintzak kaskarrak dira, beti mehatxupean eta lasterka, lapurretan ariko balira bezala. Presoen birgizarteratzeak baldintzak behar ditu. Pertsonaren afektibotasuna ez haustea ezinbestekoa da. Gobernuek badakite ongi. Frantziak Europako presio ugari pairatu ditu, eta esperientzia aitzindariak ezarri zituen abian egoera gainditzeko.

Garatuko den eredua da?

2006an espetxe aitzindarien eredua ikertzen hasi ziren. Baina Europak ere eredu ezberdinak ditu horretan. Hegoaldeko herriek kontuan hartu dute aldi bateko harreman intimoa. Aldiz, eredu anglosaxoian puritanismoa nagusi da. Ekialdeko eta Ipar Europako herri zenbaitetan aitzinatuagoak daude. Presoak familia edo bikotearekin egoteko aukera du, 24 orduz. Itxirik, baina nehor sartu gabe, intimitatean. Frantziak lehen urratsak baino ez ditu egin. Bisita gela ez da sexua egiteko gela soilik. Harremanak eta afektuak garatzeko bizilekua da. Historikoki Frantzia puritanoa da. Erlijio katolikoan oinarritzen da. Harrigarria bada ere, lege testuetan eta espetxeetako barne arautegietan ez da sexu hitza aipatzen, lizunkeria eta pudorea baizik. Pudorea atxiki beharra azpimarratzen da. Eta horretan oinarritzen da sexualitatearen debekua. Arkitekturak berak debekatzen du sexu harremana. Frantziak sortu zituen espetxeak, eta Ilustrazio garaian bezala atxiki nahi ditu. Puritanismo katolikoak zigorra hobesten du. Egindako ogena ordaindu behar dute gizartearekiko zorra kitatzeko. Horretarako, ahalik eta gehien sufritu behar dute, desioa eta plazera kenduz presoei. Zigorra bizipen arrunta balitz bezala nagusitzen da. Ez dezagun ahantz jarrera horrek bozak ematen dituela. Mitterranden garaian erreforma sakona egin nahi izan zutelarik, tarteko kristala kenduz eta solastokia jarriz, espetxeetako langileen sindikatu guztiak oldartu ziren. Iritzi publikoak eta hedabide handiak alde zituzten. Hotel bihurtu nahi zituztela zioten. Aldaketak egitea arrisku politikoa hartzea da. Erretorika faltsua da, zurikerian oinarritua.

Espetxealdian sexu harremanak debekatuz ez da zigorra bikoizten?

Hori da espetxearen historia. Zigor bikoitzaren helburua gizakia suntsitzea da, sufriaraztea. Zigorra egindakoaren neurrikoa dela erakutsi nahi da, sufrimendua sustatuz. Espetxeetako zuzendari eta zaindariek aitortzen dute ez duela zentzurik. Erakundeak duela bi mende bezala dihardu. Heriotza zigorraren aldeko logika bera da. Espetxeak moldatzen ditu presoaren egunak. Loa antolatzen du, janaria, solas denbora, atsedena. Sexua plangintzatik at dago. Ez osoki, espetxeak film pornografikoak hedatzen dituelako. Desioa menperatzea du xedea. Pertsona suntsituz erakundea indartzen duela uste dute.

Birgizarteratzeaz mintzatzea ez ote da zentzugabekeria?

Ilusioa saldu nahi dute. Badakite baldintza horietan ezinezkoa dela. Gizarte langileak falta dira, eta egiturak berak errepresioa indartzen du egunerokoan. Gizarteak begiak ixten ditu hori ikusirik. Ondoriorik ez balego bezala segitu nahi dute. Eta bortizkeria eredu bihurtzen delarik, bortxaketak gertatzen dira. Ez da orokortzen den jokabidea, baina tamalez, espetxean gauza arrunta da bortxaketa. Hori pairatu duten preso guztiek ez dute lortzen gertakaria gainditzea. Biktimak dira, buruestimua suntsiturik dute. Bizi osoan beren baitan eraman dute samin hori, eta uko eginen diote hori adierazteari. Pairatutako bortizkeriak nortasuna ezabatzea lortzen du.

Zer dira familia edo lagunak egoera horretan?

Norberarenganako sinesmena hausten delarik, bortizkeria defentsa tresna bihurtzen da. Bihozberatasunak ez du tokirik. Bikotekidearengandik edo maitearengandik isolaturik, presoa pentsatzen hasten da bertze pertsonak bizi behar duela, ez duela askiesten eta, ondorioz, bertze norbait bilatuko duela behar hori asetzeko. Norberaren suntsiketa abiatzen da horrela. Mesfidantza nagusitzen zaio. Horrek bikote harremana eraldatzen du. Batzuek generoa ere galtzen dute. Sexua ez da existitzen. Traba ugari daude: presoen metaketa, toki eza, espetxeen arkitektura, gaizki ulertutako arautegiak. Eta zaindariak.

Zein da horien jarrera?

Gizarteak ez du zaindari lanbidea begi onez ikusten. Ikasketa maila txikikoak dira, oro har. Baina uniformea dute, eta agintea. Zaindari horiek diote ez direla putetxe bateko zaindariak edo voyeur hutsak. Euren eginkizuna diziplina bermatzea dela diote, eta hori lortzeko prest daude presoen nortasuna suntsitzeko. Horregatik, bisita intimoen aurka daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.