IMMIGRAZIOA

Arautze prozesua «porrota» izan dela ohartarazi dute

Harresiak Apurtuz koordinadoran batzen diren gizarte eragileek langile atzerritarren egoera araupetzeko amaitu berri den ez ohiko prozeduraren gaineko balantze «oso kritikoa» egin dute

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
BILBO
2005eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Europako Batasunetik kanpoko langile atzerritarren egoera araupetzeko Espainiako agintariek kontutan hartzen duten irizpide bakarra ekonomikoa den bitartean, «porrota» besterik ez dute izango. Hori da behinik behin, Harresiak Apurtuz koordinadorak langile atzerritarren egoera arautzeko joan den larunbatean amaitu zen ezohiko prozeduraz egin duen balantzea: «Legeek eta lan eta ekonomia harremanek ez dute sekula immigrazioaren egikari soziala gaindituko. Hori da arauak kontuan izan beharko lukeena».

Etorkinen laguntzarako elkarteen koordinadorak agerraldia egin zuen atzo Bilbon, hiru hilabete arinago, erregularizazio prozesua hasi zenean iragarri zituztenak bete egin direla egiaztatzeko. Egin ere, Espainiako Gobernuak euskal lurraldeetan dituen lau ordezkariek euren azalpenak eman ostean egin zuten agerraldia.Koordinadora osatzen duten talde guztien izenean hitz egin zuten: Celina Pereda Munduko Medikuak elkarteko lehendakariak, Javier Galparsoro eta Suniva Martinez errefuxiatuen babeserako CEAR elkarteko kideak, Alberto Exebio Vertiz Zutalur elkarteko abokatuak, eta Rigoberto Jara Harresiak Apurtuz koordinadorako lehendakariak.

Eskaerak, «eskaera dira»

Peredak gogor kritikatu zituen bezperan Jesus Caldera Espainiako Lan eta Gizarte Gaietarako ministroak auzi horretaz esandakoak, etorkinak laguntzen dabiltzanek ez baitute inondik ikusi hark iragarritako arrakasta. Argi utzi nahi izan zuen, hasteko, eskaerak «eskaera» direla, «ez ebazpen irmoak». Eman zituen azalpenen arabera, horrek esan nahi du «eskaria aurkezte hutsak ez du esan nahi inori paperak emango zaizkionik», esan zuen. «Ez halabeharrez».

Ez hori bakarrik. Ezohiko prozedura amaitzeko hilabete eskas falta zelarik, errolda agiriaren inguruan Gobernuak onartu zituen aldaketak ekarri zituen gogora. «Oraingoz ez dago jakiterik horiek zelako ondorioak ekarriko dituzten».Erregularizazio prozeduraren azken txanpan ez-egitezko edo omisio bidezko erroldatze agiri asko eta asko onartu direla ohartarazi zuen Peredak. «Eta ez etorkinek ez agintariek ez dakite oraindino agiri horiek guztiek ezertarako balio izango duten», kritikatu zuen.

Irizpide argirik gabe

Izan ere, Espainiako Gobernuak «irizpide argirik eman ez» duelako nahasmen handia izan dela gogorarazi zuen. Aditzera emaen zuenez, udal agintariengan eragin du horrek nahasmenik handiena: bakoitzak «nahi izan dituen» agiriak onartu ditu ezohiko errolda agiri horiek emateko. «Zer jazoko den ez dago argi; dakigun bakarra da Gobernuaren Immigrazio Zuzendaritzak agiria kaleratu duela zehaztuz argi eta garbi zeintzuk diren aintzat hartuko diren zazpi agiriak. Gainerakoek ez dute balioko».

Caldera ministroaren bezperako adierazpenek ezinegona eta haserrea eragin dute plataforma osatzen duten elkarteen artean. Ez zaie zilegi iruditzen gobernuak ekimenaren arrakasta Gizarte Segurantzak eskuratuko dituen dirutzen arabera neurtu izana.Euren iritziz, ohiko bideetatik ez bada ere zergak eta errenta aitorpena, kasu, langile atzerritarrek «ekonomiaren eraikuntzan» parte hartzen dute: erosketa bidezko zergak ordaintzen dituzte, banketxe edo kutxetan kontuak dauzkate, zor txartelak denda eta saltoki handietan, eta Osasun edo Justizia egituren erabiltzaile dira.Langile immigranteak egitura ekonomikoaren barruan direla baieztatu zuten, nahiz eta ez zaien «legezkotasunik onartzen» ohiko jarduera ekonomikoen bidez herri honetan gizarteratzeko. «Eta hori horrela da nahiz eta gizarte hau berena ere baden, ez bakarrik egitez, baita zuzenbidez ere».Javier Galparsoro errefuxiatuen laguntzarako elkarteko kideak (CEAR) oso kritika zorrotzak egin zizkien Espainiako ministroaren adierazpenei; eurek, langile atzerritarrekin zuzenean lan egiten duten elkarteek, «baikor izateko arrazoirik batere» ez daukatela esan zuen.Datuak ere eman zituen, Administrazioaren txostenetatik ateratakoak: Hego Euskal Herrian 65.092 atzerritarrek zeuzkaten paperak ezohiko prozedura hasi zenean, eta paperak lortzeko eskaria 21.209 langilek egin dute orain. Eskari guztiak onartuz gero, beraz, 86.301 atzerritar leudeke legez Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Udalerrietako erroldetan, baina, 122.300 atzerritar inguru ageri ziren joan den urtarrileko datuetan. Galparsorok nabarmendu zuenez, horrek esan nahi du «gutxienez» 35.999 langile geratuko direla berton bizi eta lan egiteko baimenik gabe.«Gutxienez diot kopuru horretan ez direlako sartzen beldurragatik, utzi ez dietelako, aukerarik izan ez dutelako, edo dena delakoagatik udalerrietako erroldetan izena eman ez duten etorkin guztiak», azaldu zuen. Kritiko.

Mehatxuak baino ez

Espainiako Lan eta Gizarte Gaietarako ministroak paper bakoak lanean dauzkaten ugazabak atzemago dituztela esan du egunotan, eta baimen barik dauden etorkinak kanporatu egingo dituztela. «Mehatxu hori gauzatzea ezinezkoa izango zaie», adierazi zuen atzo Galparsorok.«Gobernuak ez dauka ez indar moralik ez gaitasunik legez kanpo utzi dituen milaka langile horiek guztiak kanporatzeko», esan zuen.

Langileen aldetik kontratuen edo errolda agirien inguruen iruzurrik ez dutela atzeman argitu zuen. «Baina ohartu gara, hori bai, zenbait enpresatan langile atzerritarrak kanporatu egin dituztela euren burua legeztatzeko kontratu eske joan direnean; eta zenbait kasutan langileok kontratua egitea lortu dutela ugazabari agindu diotenean Gizarte Segurantza euren dirutik ordainduko dutela», azaldu zuen.Kritikoak izanik ere, etorkinekin diharduten elkarteok pozik hartu dute milaka langilek euren egoera araupetzeko izan duten aukera. Ildo horretan, Galparsororen berbetan, ez dute gaizki ikusiko «beharginok esplotatzen dituztenen kontra neurri gogorrak» hartzea.Zutalur elkarteko Exebiok bere aldetik, zehaztapen bat egin nahi izan zuen. Aditzera eman zuenez, Espainiako Gobernuaren ekimenak «huts egin du», ez irizpide ekonomikoetara mugatu delako bakarrik, baita immigrazioaren behin-behineko ikuspegi itxia duelako ere. Atzera bota zuen: «Ez da egia etorkinak soilik dirua egitera eta gero euren sorterrira itzultzeko asmo hutsarekin datozenik; gaur egun datozen gehienak bizitzera datoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.