Errepideak

Arazoak Bizkaia eta Gipuzkoan, euriagatik, eta Nafarroan elurragatik

Bizkaian, A-8 errepidean Galdakao parean izan den istripu baten ondorioz 50 urteko auto gidaria hil da. N-637 errepidean, 11 autok istripua izan dute goizean Mungia aldean, eta Gipuzkoan, N-634 errepidean, Usurbil aldean, beste lauk. Auto ilarak sortu dira, baina gero arazoa konpondu dute. Nafarroan, elurra ari duela-eta kateak behar dira hainbat mendatetan. Ondorengo orduetarako haize ufada gogorrak, elurra eta euriteak espero dira.

2009ko otsailaren 6a
18:47
Entzun
Egun korapilatsua izan da gaurkoa errepideei dagokionez. Azken orduan, A-8 errepidean Galdakao parean (Bizkaia) kamioi eta auto baten arteko talka izan da eta, ondorioz, 50 urteko auto gidaria hil da. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Goizean ere hainbat arazo izan dira Euskal Herriko errepideetan, hein batean euria eta elurrak eraginda. Hala, Bizkaian, N-637 errepidean 11 autok istripua izan dute, Mungia inguruan. 9:30erako autoak erretiratu dituzte, eta 10:00k alderako desagertu dira istripuak eragindako ilara handiak, bai Mungiarako bidean, bai Erletxerako (Galdakoa) bidean. Nafarroan, elurra ari duela-eta kateak behar dira hainbat mendatetan. Ondorengo orduetarako haize ufada gogorrak, elurra eta euriteak espero dira.

Bizkaian, N-644 errepidean ere arazoak daude Santurtzi inguruan. Bestalde, 8:30ak inguruan beste auto istripu bat izan da, kasu honetan, Mallabian. Ezbeharraren ondorioz, emakumezko bat zauritu da bere autoak Bizkaibus autobus batekin talka eginda. Galdakaoko Ospitalera eraman dute.

Gipuzkoan, N-634 errepidean, Bilborako bidean, lau autok istripua izan dute Usurbil parean. Ondorioz, auto ilarak sortu dira. Arratsaldeko lehen ordurako autoak errepidetik kenduak zituzten.

Nafarroan, N-4100 errepidea itxita dago (Aizoain eta Lizaso lotzen ditu), elurragatik, eta Lizarraga, Urkiaga, Artesiaga, Egozkue eta Belaguako portuetan kateak behar dira.

Irurtzundik Andoainera (Gipuzkoa) doan A-15 autobidean arretaz gidatzeko eskatu dute, elurragatik.

Araban, Opakuako mendatea itxita dago kamioietarako, eta autoek kateak behar dituzte. Oro har, Euskal Herri osoan tentuz gidatzeko gomendatu dute agintariek.

Gaur arratsalderako elurra, euria eta haize ufada handiak iragarri dituzte metereologia zerbitzuek. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban elur maila 400 metrotara jaitsi liteke. Gainera, haizeak gogor joko du eta 100 km/h baino gehiagoko boladak aurreikusi dituzte mendian eta kostaldean. Euria ere izango da; 60 litro ur jaso litezke 24 ordutan.

Nafarroa erdian eta iparraldean alerta horitik laranjara igaro dira elur arriskuarengatik. Ipar Euskal Herrian, berriz, alerta horia dago eurite gogorrak espero baitira arratsalde eta gau alderako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.