Iragan igandean hasitako euriak kalteak eragin ditu hainbat errepidetan, eta ia erabat bete ditu urtegiak. Gipuzkoan, euriteak uholdeak sortu zituen atzo Astigarragan eta Hernanin, eta, herenegun, luizi batek Elgoibar eta Eibar arteko trenbidea moztu zuen.Nafarroan, Arakil eta Arga ibaiek gainezka egin dute, eta putzu ugari sortu dituzte errepidean, besteak beste, Elizondon eta Zamartzeko monasterioan.
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez, Bizkaian eta Araban, urte hasieraz geroztik baino euri gehiago egin du astelehen eta asteartean. Donostian, Igeldoko estazioak 85 litro ur jaso ditu igande gauetik atzo arratsaldera arte. Asteartean,67 litro ur jaso zituzten Aramaion (Araba), eta 63Urkiolan (Bizkaia). Nafarroan, 69, 4 litro jaso zituzten Donezteben.
Haizea indartsu Nafarroan
Haizeak ere kalteak eragin ditu, Nafarroan bereziki. Foruzaingoak hamar abisu jaso zituen asteartean, haizeak sei zuhaitz bota eta errepide ugari moztu zituelako. Egun berean, Tuteran (Nafarroa), hainbat beira apurtu zituen haizeak. Baztanen, orduko 114 kilometroko haize ufadak izan dira; Donostian, aldiz, 97,2koak.
Metro koadroko 198 litro jaso ditu astelehenetik Añarbeko urtegiak (Gipuzkoa). Añarbeko Urak-ek jakinarazi duenez, astelehenean metro koadroko 43,8 litro jaso zituen urtegiak;92,8, asteartean; eta 61,6, atzo, 8:00ak baino lehenago. Euri jasa horien ondoren, urmaela%98an dago beteta: 36 milioi litro ditu orain, eta 589.000 litro falta zaizkio erabat betetzeko. Hala ere, urtegiaren egoera «erabat normala» dela baieztatu du Añarbeko Urak-ek.
Añarbeko urtegiak, Donostiaz gain, inguruko bederatzi herri urez hornitzen ditu; guztira, 300.000 biztanle. Hiru egunean jaso duen ur kopuruak, otsailetan batez beste jasotzen duena %19an gainditzen duela nabarmendu du Añarbeko Urak-ek. Euri jasak hasi zirenetik, lau milioi litro ur pilatu ditu urtegiak, eta, presa kudeatzen dutenen arabera, ekologikoki hustu beharreko ura baino ez da Añarbe ibaira bideratu.
Beste urtegi batzuek ere gora egin dute, euriteen eraginez. Gipuzkoan, Berastegikoak, metro koadroko 108 litro jaso zituen asteartean. Bizkaian, Otxandiokoak metro koadroko 63 litro jaso zituen egun berean.
Gaur arratsaldetik aurrera, eguraldiak hobera egingo duela iragarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Zeruak igandera arte iraungo du garbi.
Arazoak eragin dituzte euri jasek errepideetan, ibaiek gainezka eginda
Urtegiek gora egin dute; Añarbeko urtegia %98raino bete da, hiru egunean lau milioi litro ur jaso ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu