Ekaitza

Arazoak errepideetan eta hildako bat elurraren ondorioz

Nafarroan Loiti mendatean 26 urteko mutil bat hil da, elurra kentzeko makinak eta bere autoak elkar jotzean. Biharko eguraldi okerragoa iragarri dute adituek.

2007ko urtarrilaren 23a
19:11
Entzun
Iritsi da elurra Euskal Herrira eta gogotik egin du gaur. Bihar eguraldi okerragoa egingo duela esan dute adituek.

Gaur, normala den bezala, elurteak arazoak sortu ditu errepideetan, eta larriena gazte baten heriotza izan da. Nafarroan hil da, Loiti mendatean, elurra kentzeko makinak eta bere autoak elkar jotzean. Hildakoa -O.M.N.- Lunbier herrikoa zen (Nafarroa) eta 26 urte zeuzkan. Ezbeharra 9:42an gertatu da, Iruñea-Jaka errepidean. Gaztea Iruñea aldera zihoan bere autoan. Elurra kentzeko makina errepidearen beste aldean zegoen eta biek elkar jo dute. Gaztea Iruñeko ospitale batera zeramatela hil da.

Errepide sare nagusian arazo bat baino gehiago izan da goizetik. Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen A-15 autobidean, bereziki, Leitzarango autobidean. Izan ere, 10:30ean errepidea itxi egin behar izan dute, bi orduz, Elduain parean (Gipuzkoa), elurra, kazkabarra eta izotza garbitzeko. Zati horretan, gainera, hainbat kamioi ez aurrera, ez atzera geratu dira, eta horrek errepidea garbitzeko lanak zaildu egin ditu.

A-8an Elgoibarren (Gipuzkoa), izotzaren eta txingor zaparraden eraginez errepidea moztu behar izan dute. Bi norabideetan ilada handiak sortu dira goizean.

Bigarren mailako errepideetan ere arazoak ugari. Nafarroan, Belagua, Otxondo, Aralar, Artesiaga, Urbasa, Lizarraga eta Azpirotzeko mendateak itxi egin behar izan dituzte (orain, 19:20an, Otxondo, Artesiaga eta 12. kilometrotik Belagua daude itxita). Egozkue eta Urkiagatik pasatzeko autoek kateak behar izan dituzte. Araban, Opakua eta Herrerako mendateak itxi dituzte goizean goizetik, eta Orduñan eta Zaldiaranen autoek kateak behar izan dituzte. Gipuzkoan, Deskarga itxita dago, Etxegaraten tarteka errepidea moztu du Ertzaintzak errepidetik elurra eta izotza kentzeko, eta Lizarrustiko mendatea itxi egin behar izan dute. Urrakin, Bidanian eta Artikutzan kateak behar dira. Bizkaian, Urkiola eta Barazar itxita daude.

Nafarroa Beherea eta Zuberoan elurra atzo gauean mara-mara egin zuen. Gaur goizean, bederatziak aldera, errepikatu da elurtea baina ondorengo euri jasek errepideetako elurra urtu dute. Mendian, ordea, elurra gelditu da, bereziki Santagrazi eta Larrainen. Donibane Garazin eskola garraioa etenik gelditu da.

Informazio zerbitzuak

Eguraldiari eta errepideei buruzko doainiko informazioa emateko telefono hauek jarri dituzte abian agintariek:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari buruzko xehetasunak emateko 902112088 jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Nafarroari buruzko informazioa 900400100 telefonoa ematen du Nafarroako Gobernuak.

Horrez gain, www.cfnavarra.es webgunean jaso daiteke Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua, eta www.trafikoa.net-en Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari buruzkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.