DENBORALEA

Arazoak sortu dira errepideetan, euritearen eraginez

Urumea ibaiak gainezka egin du Hernanitik Donostiara bitartean.

Berria.info
2014ko urtarrilaren 25a
20:21
Entzun

Uholdeen kontrako larrialdi plana aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, alerta aurreko fasean, Gipuzkoako ibaien emariaren eraginez. Euria iragarri du Euskalmetek datozen orduetarako ere, eta litekeena da ibaiek gainezka egitea hainbat herritan.

Donostian, bilduta dago krisi mahaia, Urumea ibaiak uholdeak eragiteko arriskua dagoelako. Alerta laranjan daude Urumeako erriberan, lau metrotik gorako emaria baitarama ibaiak. Bizilagunei aholkatu diete autoak leku seguru batera mugi ditzatela.

Uholdeen kontrako plana aktibatu du Donostiako Udalak. Ibaiak gainezka egin du hainbat tokitan, eta, besteak beste, Martuteneko 27 poligonorako pasabidea itxita egon da. Egoerak hobera egin du Astigarragan eta Hernanin, baina hainbat herritarrek kiroldegian igaro dute gaua. Errugbi zelaia urez bete da.

Beste ibai batzuetako arroetan ere izan dira arazoak. Oria ibaia Lasarten eta Leitzaran Andoainen alerta laranjan daude, Euskalmeten arabera.

Nafarroan ere, arazoak

Nafarroan, Orbaia eta Orbaitzeta inkomunikatuta daude errepidez, eta itxita dago Atarrabia eta Uharte arteko errepidea. Pirinioetan, itxita dago NA-137 errepidea.

Iruñean, Arga ibaiaren igoera da kezka nagusia. Arrotxapean ibilgailuak lekuz mugiarazi dizkiete, gainezka egitear baitago ibaia. NA-30 errepidea, Landaben industrialderako bidean, itxita dago.

Lapurdin, Urdazuri ibaiak gainezka egin du Senpere inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.