ELBk eta Lurzaindiak jakinarazi dute lehentasunezko erosketa galdearen prozesua bukatu dela. Arbonako (Lapurdi) laborantza lurrak erosteko proposamena egin zion SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturak jabeari, baina jabeak ez zuen onartu lurrak SAFERak estimatutako prezioan saltzea. Hala, jabeak ondasun guztiak saldu nahi izan dizkio SAFERari —hiru bastiza eta lurrak— 3,15 milioi euroan: egiturak ez du onartu.
Bestalde, ELBk eta Lurzaindiak atzo egin zuten bilera SAFER egiturarekin. Bertan adostu zuten SAFER egitura jabearekin jarriko dela harremanetan, EPFL Lurraren Erakunde Publikoaren partaidetzarekin, ondasun guztien estimazio bat egin, eta erosketa prezio bat negoziatzeko.
ELBk eta Lurzaindiak, halere, gogorarazi dute okupazioari eta sortu den BOST sostengu taldeari esker, salmenta oztopatzea lortu dutela. Izan ere, larunbatean, 100 egun beteko dira Arbonako okupazioa hasi zutenetik. Hala, mobilizazio eguna izanen dela iragarri dute: goizean, Euskal Hirigune Elkargoaren batzarrera hurbilduko dira, protesta egiteko eta elkargoari laborantza lurrak babesteko neurriak har ditzala eskatzeko. Arratsaldean, zuhaitzak landatuko dituzte Arbonako lurretan. Urriaren 24ra arte atxikitzeko asmoa dute, Lurrama azokarekin bururatzeko.