Gaur salatuko den erasoa azaroaren 21ean gertatu zen. Kristine Bosque larri eraman zuten Baionako ospitalera. Astebete igaro zuen bertan, koma egoeran. Azaroaren 28an zendu zen. Gizarte zerbitzuetako langile bati deigarriak gertatu zitzaizkion emakumeak gorputzean zituen markak. Kolpeek utzitakoak izan zitezkeela iruditu zitzaion, eta gorpua aztertzeko eskatu zuen.
Ordutik autopsiaren emaitzaren zain egon dira. Asteon ezagutu da. «Gaia delikatua da, baina autopsiak ondorioztatu du posible dela emakumea itota hil izana», azaldu du Anne Kayanakis-ek, Baionako fiskalak. Senarra atxilotu duten arte ez dute jakinarazi emakumearen heriotza genero indarkeriako kasu bat izan ote zen ikertzen ari zirela. Epailearen aurretik igaro da ustezko hiltzailea, eta espetxean dago behin-behinean.
Senar-emazteak Arbonako etxalde bakarti batean bizi ziren. 68 urte zituen emakumeak eta 70 gizonak. Inguruan ez zuten bizilagunik, baina handik igarotzen zirenek sarri entzun zituzten emakumearen oihuak. Halere, ez zuten ezer egin, ezta salaketarik jarri ere.
Asteon halako deialdi bat bigarrenez egin behar izan dutela gogorarazi dute plataformako kideek. Izan ere, Barakaldon (Bizkaian) astelehenean ustez bikotekide ohiak Cristina Estebanez hil zuen, eta haren egungo bikotekidea larri zauritu. «Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta horrek gizartean emakumeok jasaten dugun menpekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du indarkeriaa».
Gizartean gertatzen diren giza eskubideen urratze larri eta hedatuenetako bat dela nabarmendu dute. Hala, gizartea oro har, eta emakumeak bereziki, gaur egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitu dituzte. Emakumeon kontrako indarkeriarik ez lelopean, Bilboko Arriaga plazan (19:30), Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan (20:00), Donostiako Bulebarrean (19:30) eta Iruñeko udaletxe aurrean (20:00) egingo dira elkarretaratzeak. Baita beste hainbat herritan ere.Horietan ere ohiko orduetan izango dira.
Aurten genero indarkeriagatik hildako emakumeak
Aurten zazpi emakume hil dituzte genero indarkeriagatik Euskal Herrian. Mugimendu feministak «indarkeria sexista» ikusi du kasu hauetan ere: Agurainen (Araba) ustez bilobak hil zuen 91 urteko Bonifacia Ruiz de Arbuloren hilketan eta Zarauzko (Gipuzkoa) hondartza inguruan hilda agertutako haurrarenean.Elena Cal: Urtarrilaren 17an hil zuten, labankadaz, Tolosan (Gipuzkoa). 45 urte zituen, eta Tolosako San Frantzisko elizaren ondoko etxola batean bizi zen orduko bikotekidearekin eta bikotekide ohiarekin. Bi gizonak atxilotu zituzten, baina gero, Calen bikotekidea libre utzi zuten.
Amelia Sanchez: Urteko bigarren hilketa Barakaldon izan zen, Bizkaian, otsailaren 8an. Ustez semeak hil zuen Amelia Sanchez, 65 urteko emakumea.Ertzaintzaren arabera, ama-semeek eztabaida izan zuten, eta semeak labankada bat eman zion.Zenbait iturriren arabera, semeak salaketak zituen bikotekide zuenari eta amari erasotzea egotzita.
Isabel Velez:Ustez semeak hil zuen Isabel Velez ere. Lasarte Orian (Gipuzkoa) izan zen, eta 11 egun baino ez ziren igaro Amelia Sanchez hil zutenetik. Velezek 48 urte zituen, eta semeak 23. Ertzaintzak jakinarazi zuenez, semeak arazo psikiatrikoak zituen, eta maiz zituzten liskarrak.
Amelia Amaya:Uztailaren 25ean, urruntze agindua apurtu eta Amelia Amaya hil zuen ustez bikotekideak Bilboko Txurdinaga auzoan. Ertzaintzak baieztatu zuen maiatzetik urruntze agindua zuela tratu txarrengatik. Gizonaren anaia eta ama ere atxilotu zituzten, delitua ezkutatzen saiatzea egotzita. Biak aske geratu ziren.
Annie Froment: Irailaren 20an hil zuten Annie Froment, Miarritzen (Lapurdi). Ustez duela 30 urte bikotekide izandakoak hil zuen, tiroz. Gero, hark bere buruaz beste egin zuen.
Kristine Bosque :65 urteko Arbonako (Lapurdi) emakumea azaroaren 21ean eraman zuten Baionako erietxera, oso larri, eta handik astebetera hil zen. Autopsiak erakutsi zuen litekeena zela estrangulatuta hil izana. Senarra aste honetan atxilotu dute, hilketa egotzita.
Cristina Estebanez : Astelehenean hil zuten, Barakaldon (Bizkaia). Bikotekide ohia haren etxera joan zen. Egungo bikotekidearekin zegoen Estebanez, eta ustez biak labankatu zituen. Estebanez bertan hil zen. Bikotekidea, berriz, larri zauritu zen. Ustezko hiltzaileak Estebanezengandik urruntzeko agindua zuen.