politika

Ardanzaren memoriak

Jaurlaritzako lehendakari ohiak ETAren "gerra proiektua", "estatu terrorismoa", EAJ-PSE gobernu akordioak edota Ajuria Eneko Ituna azpimarratu ditu 'Jose Antonio Ardanza. Euskadi bihotzean' liburuan. Gaur aurkeztu du lana.

2011ko urriaren 4a
16:22
Entzun

Jose Antonio Ardanza (Elorrio, 1941) lau urtean izan zen Arrasateko alkate (1979-1983), bi urtean Gipuzkoako ahaldun nagusi (1983-1985) eta hamalau urtean Eusko Jaurlaritzako lehendakari (1985-1999), beti EAJko kide gisa, eta orain urte pila horietako eta beste batzuetako esperientziak bildu ditu liburu batean, Jose Antonio Ardanza. Euskadi bihotzean-en (Txertoa). Gazteleraz ere atera dute lana: Jose Antonio Ardanza. Pasión por Euskadi (Destino). 

Gaur egun, bere garai instituzionalean ez bezalako egoera politikoa dagoela uste du Ardanzak, "indarkeriak, behingoz, herri honetan protagonismorik ez baitu". Horixe "desio" izan zuen hark karguetan zenean. "Porrot egin duela aitortu beharko du ETAk. Gizarte honek gerra proiektu bat gainditzen jakin du". 

Arrasateko alkate izan zen garaitik "barrikadak eta mehatxuak" ditu gogoan, gaur Bilbon liburuaren aurkezpenean esan duenez, Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zen arotik EAJren apurketa, eta Jaurlaritzako lehendakari izan zen sasoitik PSErekin egindako gobernu akordioak, ETAren atentatuak ("300 lagun inguru hil zituen"), euskal industriaren "berregituraketa", "GAL bezalako taldeekin estatu terrorismoaren sartzea", Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiarekin (1982-1996) izandako harreman ona eta Ajuria Eneko ituna azpimarratu ditu.

Xabier Arzalluz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente izandakoaren jokabidea kritikatu du Ardanzak, "adierazpen erasokorregiak egiten baitzituen. EAJren historiara alderdiko lider handienetako bezala pasatu behar zuen, baina ez zuen jakin garaiz erretiratzen, eta gero ez du jakin alderdiko kontuetatik aparte egoten".

Ardanzaren bi kolaboratzaile ohik parte hartu dute liburua egitean: Bingen Zupiria orduko Komunikazio arduradunak euskarazko bertsioan, Pilar Garcia de Salazar orduko idazkari pertsonalak gaztelerazkoan.

Gaur egun Euskaltel enpresako presidentea da Ardanza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.