egunkaRIA AUZIA

Ardo dastaketa jendetsua Azpeitian 'Egunkaria'-ren alde

2009ko azaroaren 23a
13:03
Entzun
Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) antolatuta, Egunkaria-ren aldeko ardo dastaketa jendetsua egin zuten larunbatean, herriko plazan. Aurreikusi baino jende gehiago izan zen, baso guztiak bukatu zirelako.

Guztira 28 upategik hartu zuten parte, eta Nafarroako, Arabar Errioxako eta Errioxako 38 ardo desberdin dastatzeko aukera izan zuten. Edaria ateratzen Egunkaria libre! kamisetak jantzita aritu ziren herritarrak eta udal ordezkariak. Ardo postuez gain, janari postuak ere jarri zituzten.

Larunbatean Azpeitiko plazan izan zirenen artean zen Txema Auzmendi auzipetua, eta "jendearen babesa" beharko dela adierazi zien herritarrei.

Egunkaria auzia babesteko bonoak eta elastikoak saltzen aritu ziren kazetako azpeitiar langile ohiak, eta eskerrak eman zizkioten Udalari, baita Sanjuandegiko Auzo Elkarteari ere: "Izan ere, aurten zalantzan egon da Ardo Dastaketa Eguna antolatuko zen, eta auzo elkartekoak hasi ziren mugitzen antolatzeko, eta hasieratik prest azaldu ziren ekitaldia Egunkaria-ren alde egiteko".

Bost auzipetu itxierari buruzko auzian

Egunkaria auzia-n kazetaren itxierari buruzko epaiketa aste batzuk barru hastea espero dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.