Ardura eta lasaitasuna eskatu dute Tolosako, Zarauzko eta Getariako alkateek

Azken egunetan koronabirusaren agerraldiak izan dira herri horietan, baina udalerri «seguruak» direla azpimarratu dute alkateek. Jendea ez pilatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.

Herritar batzuk, Getarian, PCR proba egiteko zain. ANDONI CANELLADA, FOKU
2020ko uztailaren 17a
12:39
Entzun

Jomugan izan dira Zarautz, Getaria eta Tolosa (Gipuzkoa) azken egunotan, koronabirusaren agerraldiak herri horietan erasan baitu gehien. Edonola ere, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Olatz Peon Tolosakoak eta Getariako Haritz Alberdik eskatu dute «lasaitasunez» jokatzeko. Izan ere, Osakidetza PCR proba masiboak egiten ari da hiru herri horietan.

Txurrukak jakinarazi du Talaia Mendi kanpinean ez dela egon kutsatze fokurik, baina jakinarazi du oraindik ikusteko dagoela ea herriko hainbat positiboren atzean kutsatze komunitariorik egon ote den. Besteak beste, kurtso amaierarekin lotutako ospakizunekin zerikusia ote duen aztertzen ari dira orain. Horrez gainera, Txurrukak nabarmendu du litekeena dela positiboetako batzuk gazteak izatea, eta beste herriren batean kutsatu ahal izan direla. Horregatik, jende pilaketak egon diren tokietan izandakoei PCR probak egiteko eskatu die. 

Bestalde, Tolosan 300 test egin zituzten atzo, eta bakarrak eman du positibo azken orduetan. Edonola ere, Ordiziako (Gipuzkoa) fokuaren ondorioz kutsatutakoak 20 dira dagoeneko. Horregatik, Peonek ohartarazi du «oso garrantzitsua» dela testak egiten segitzea «ziurtatzeko gaixotasuna ez dela hedatzen ari ».

Getarian, berriz, 1.200 proba egin dira dagoeneko, eta bakarrak eman zuen atzo positibo: «Getaria herri segurua da, eta segurtasun neurriak hartu ditu», azpimarratu du alkateak.

Urduritasuna, nabarmen

Halere, hiru alkateek aitortu dute «urduritasuna» agerikoa dela herrian. «Maskararen derrigorrezko erabilera indarrean jarri arte apenas jartzen zuen inork», azaldu du Txurrukak, baina neurri berriak ere iragarri dituzte: tabernetako edukiera %50 izango da: «Ostalariek ongi hartu dute. Kritikoak dira egoerarekin, baina hobe hori, guztiok ordaina izan baino». Herritarrei eta ingurukoei Zarautzez «gozatzeko» deia ere egin die, «beharrezko neurriak hartuta». 

Peonek eta Alberdik ere eskatu dute lasaitasuna, baina «ardura konpartitu eta beharrezko batekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.