Sozialistak ziren agintean Esainiako gobernuan 1984ko azaroaren 20an Santi Brouard hil zutenean, eta haiek jarraitzen zuten boterean data berean, baina 1989an, Josu Muguruza hil zutenean. Hori dela eta, gertatutakoaren ardura aitor dezala eskatzeko baliatuko du Sortuk datorren azaroaren 20an Bilbon egingo duten manifestazioa.
"Jakin bazekiten ezker abertzalearen eskaintza politikoak eraldaketa ekar zezakeela. Horregatik hil zituzten. Min egin ziguten, min handia, beste askotan bezala", salatu du Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak. "Sanchezen Gobernuak aukera paregabea du orain gatazkari erabateko amaiera emateko, gatazka eragin zuten kausei erreparatuz", adierazi du.
Hiru hamarkada eta gero hilketa haien ardurak argitzeko garaia dela nabarmendu du Rodriguezek, eta datorren asteartean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die herriarrei. Martxa arratsaldeko 19:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, Etorkizun haziak lelopean.