Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur goizean Radio Euskadin emandako elkarrizketan berretsi du Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko ikerketak aurrera jarraituko duela "amaierara arte", eta Herrizaingo Sailak Justiziarekin kolaboratuko duela gaineratu du. "Ertzaintzaren aldetik arduragabekeriaren bat egotea posible da", esan du Ertzaintzaren jokaeraren inguruan. "Baliteke Ertzaintzak ezarritako protokoloak ez betetzea".
Haren arabera, "lehentasunezko helburua" ikerketa bultzatzea da, eta Cabacasen senide eta lagunen eskakizunei erantzuteko konpromisoa berretsi du. "Zuhurtasunez" lan egin beharra azpimarratu du.
"Ez dugu hipotesirik baztertu, porra bat aurkitu zuten istiluen lekuan, eta ikertu beharko da". Karga nork agindu zuen jakiteko ertzainen testigantzak jasotzen ari direla dio.
Maria de Haro kaletik deia jaso ondoren hainbat lagunek ertzainei "botilak jaurti" zizkietela azaldu du, eta horregatik oldartu zirela ertzainak. Gertatutakoaren aurrean "minduta, atsekabetuta, haserre" dagoela esan du Aresek. "Une oso gogorrak pasa ditut, hildako askoren hiletetan izan naiz, alderdikideak, kazetariak, guardia zibilak, ertzainak…", gaineratu du. "Denek egin behar dugu ahalegina garai berrietara egokitzeko".
Hileta elizkizunera Jaurlaritzako ordezkaririk joango ez dela azaldu du, "egokiena" ez delako. Doluminak agertu dizkio sendiari.
Hileta elizkizuna, gaur arratsaldean
Gaur 19:30ean azken agurra eman diote Iñigo Cabacasi, Bilbon. Atzo arratsaldean Aresek ikerketak aurrera jarraitzen zuela eta "azken muturreraino" eramango zutela esan eta ordu gutxira, autopsiak baieztatu zuen lekukoen bertsioa: ertzainen pilotakada batek hil zuela Cabacas.
Autopsiaren emaitza ezagutu ondoren, Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak Efe berri agentziari azaldu dio Cabacasen heriotza "zuhurtzia ezagatik ustezko homizidio delitua" izan daitekeela, baita ohartarazi du posible dela deliturik ez egotea, ikerketak "ustekabeko" ekintza baten ondorio izan zela ondorioztatzen badu.
Azken orduetan hainbat elkarretaratze egin dituzte haren alde; hala nola, Gasteizen eta Algortan. Elorrion (Bizkaia) Cabacasen heriotza salatzeko pankarta bat jartzen ari zen gazte bat atxilotu zuen atzo; aske utzi dute dagoeneko.
Aresek bihar egingo du agerraldia Eusko Legebiltzarrean, 11:00etan, gertatutakoaren inguruko xehetasunak emateko. Dimisio eskaerak indartu egin dira autopsiaren emaitzekin; dena den, Cabacasen heriotza jakin zenetik asko dira Aresi kargua uzteko eskatu diotenak.
Cabacasen senide eta lagunek lekuko izan zirenen laguntza eskatu dute, informazioa biltzen jarraitzeko.
Erreakzioak
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak gaur Europa Press berri agentziari esan dio "demokrazia batean onartezina" dela Cabacasen heriotza eragin zuten moduko "ekintzak" gertatzea.
Amaiurrek esan du gertaera hori ez dela isolatua, eta Aresen dimisioa eskatu du. "Euskal Herriak ondo baino hobeto ezagutzen ditu zeintzuk diren polziai indarkeriaren ondorio lazgarriak. Polizia indar ezberdinek (Ertzaintza, Espainiako Polizia, Foruzaingoa eta Guardia Zibila) egiten duten gomazko piloten gehiegizko eta kontrolik gabeko erabilera salatu nahi dugu".
Bilboko Bilduko Elena Gartzia kideak adierazi du Aresek "lehen momentutik" zekiela Cabacasen heriotza Ertzaintzaren pilotakada batek eragin zuela, eta esan du, gertaera horien aurrean, Europako Batasuneko beste edozein herrialdetako Herrizaingo sailburuk dimisioa emango lukeela.
Gazte Independentistek hilketatzat jo dute heriotza.
Mikel Arana IU-Ezker Anitzako koordinatzailearen arabera, "horrelako gertaera larri bat ezin da barneko ikerketa baten bidez konpondu", eta "norbaitek erantzukizun politikoa" hartu behar du.
Erne sindikatuak ohar baten bidez eskatu du Ertzaintzak gaur egun "istiluak dauden egoeretan erabiltzen duen materiala" kentzeko, eta horien ordez beste herrialde batzuetan dagoeneko frogatuta dauden sistema "eraginkorrak" ezartzeko.
Bilboko Udalak Cabacasen heriotza deitoratu du
Bilboko Udaleko bozeramaileen batzordeak testu bat adostu du gaur eguerdian, Cabacasen heriotza deitoratuz. Sinatutako testuan ez dute Cabacas pilotakadaz hil izanaren inguruko aipamenik egin. Herrizaingo sailari gertatutakoa ikertzeko eskatu diote, eta Cabacasen familiari babesa eta dolua agertu diote, baita Athleticeko zaleei ere. "Zalego baketsu eta eredugarria" dela azaldu dute, eta "elkarbizitzan sakontzeko" deia egin dute.
Udaleko alderdi guztiek sinatu dute testua, Bilduk izan ezik. Horren arabera, Udalak ez du eskatzen gertatutakoaren inguruko ikerketa "muturreraino" eramatea, ezta "errudunak zigortzea" ere. Bilduk biharko "elkarretaratze isila" iragarri du, udaletxe aurreko eskaileretan.
Bilboko udaletxeko bandera masta erdian izango da 24 orduz.
Basauriko Udaleko bozeramaileen batzordeak ere gertatutakoa "berehala" argitzeko eskatu du, eta udaletxeko bandera masta erdian jarri du. Jaiotzez Basaurikoa zen Cabacas; Bilbon bizi zen.