Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak "espetxe politika dinamikoagoa eta malguagoa" eskatzeaz gain, banaka kartzela onurak eskatzen dituzten euskal presoekin Espainiako Gobernuak legedia bete beharko duela esan du gaur, Radio Euskadin.
Ares atzo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin bildu zen, lehen aldiz, eta presoen arloan behintzat, bi ikuspuntu dituztela nabari da. Ministroak zioen ETA desagertu arte ez dela izango "espetxe onurarik". Herrizaingo sailburuak gaur aitortu du ETA ez egoteak "gauzak asko erraztuko" lituzkeela, "baina legea bete egin behar da, eta modu indibidualean bergizarteratzeko bidea egiteko espetxe onurak nahi dituzten presoek eskubide osoa dute". Ondorioz, Aresen arabera, "Barne ministroak eta bere taldeak legedia bete egin beharko dute".
Justizia ministroak ez du baldintza gisa ETAren desagerpena jartzen
Barne ministroak ez bezala, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak ez du baldintza gisa jartzen ETAren desagerpena. Urtarrilaren 9an esandako gauza bera esan du gaur. Alegia, espetxe politika betiere legedian eta banakako neurrietan oinarrituko dutela, eta baldintzak bi direla: "Presoek biktimei barkamena eskatu beharko diete eta haiekiko ordaintze edo erreparazio borondatea agertu beharko dute".
Presoek eginak dituzte eskaerak
EPPK-ko kideek duela aste batzuetatik Euskal Herriratzea eskatua dute, banan-banan egindako idatzietan, eta, besteak beste, larri gaixorik dauden presoak askatzea ere galdegin dute.
Etxerat elkarteak hilaren hasieran salatu zuen legez "kalean behar luketen" 175 lagun preso dituztela.