Gaur da Hispanitatearen Eguna eta, ohi bezala, desfile militarra egin dute Madrilen -4.200 militar- baina, ohi ez bezala, Eusko Jaurlaritzak ordezkari bat izan du gaur han: Rodolfo Ares (PSE-EE) Herrizaingo sailburua. Gustura azaldu da Ares bera. "Harro nago desfile militarrean Jaurlaritza eta, beraz, euskal gizartea ordezkatzeagatik", adierazi du, Espainiako hiriburuan.
Lehen aldiz izan da Jaurlaritzako kide bat desfilean, PSE exekutiboan lehen ere egona dagoen arren -inoiz ez, ordea, lehendakaritzan; hor beti EAJ egon da-.
Aresek bera gaur Madrilen egon izana justifikatu nahi izan du. "[Espainiako] Konstituziotik sortutakoa da [EAEko] Estatutua, eta hemendik Jaurlaritza. Ondorioz, normaltasun demokratikoaren barruan sartu behar da Jaurlaritzako ordezkari bat desfilean egotea". Horretaz gain, Espainiako armadari, Poliziari eta Guardia Zibilari "babesa eta elkartasuna" ematera joan da.
Arantza Quiroga (PP) Eusko Legebiltzarreko presidentea ere izan da Madrilen.
EAko gazteen protesta Ajuria Enea aurrean
Eusko Jaurlaritzak Herrizaingo sailburua Hispanitatearen Egunean desfile militarrera Madrilera bidali duela-eta, Gazte Abertzaleak EAko gazte taldeak Ajuria Enea aurrean protesta egin du, Patxi Lopez Jaurlaritzako etxearen aurrean, Gasteizen.
Gazte Abertzaleen ustez, Lopezek ez du zilegitasunik kargurako, "bere jabearen bozeramaile soila besterik ez delako: Zapaterorena [Espainiako gobernuburuarena]. Gainera, ez du euskal gizartearen babesik, baizik eta [Espainiako] Alderdien Legearena".
politika
Ares: "Harro nago desfile militarrean euskal gizartea ordezkatzeagatik"
Herrizaingo sailburuaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak aurreneko aldiz izan du Hispanitatearen Eguneko desfilean ordezkaria. Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea ere izan da gaur Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu