Aste honetan Frantzian izan den material informatiko eta elektronikoaren lapurreta, ETAri egotzitakoa, «larria eta kezkagarria» da Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresen ustez, «agerian uzten baitu ETAk oraindik ez duela erabaki ekintza terroristak uztea». Frantziako polizia iturrien ustez, lapurretaren xedea ETAren «faltsutze taldea» berregitea da, eta, ondorioz, asteleheneko lapurreta «ETAren agiria da izatez». Iturri horientzat, hurrengo egunetan ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria aldarrikatuko balu ez litzateke «sinesgarria» izango.
Aresek ere baieztatu egin du lapurreta ETAk egin zuela, eta horregatik «espekulaziotzat» jo ditu armak uzteko balizko erabakiari buruz egin diren baieztapenak, «ekintza terrorista honek frogatzen baitu halako erabakirik ez dagoela oraindik».
Ezker abertzaleari dei egin zion Aresek, Frantziako lapurretaren aurrean jarrera azal dezan. «Erradikal abertzaleen buru izendatutako horiek, legearen barruan politika eta soilik politika egiteko apustua egin dutela dioten horiek, hitzetatik ekintzara igaro behar dute eta argi eta garbi mintzatu behar dute ekintza terrorista honen aurka, beren apustua sinesgarri dela erakutsi nahi badute», esan zuen Herrizaingo sailburuak. Lapurreta ETAri egotzi eta gero, alderdi politiko askok jo-puntuan jarri baitute ezker abertzalea. Ezker abertzalea eta, harekin batera, ezkerreko indar subiranisten batasuna aldarrikatzen duten alderdiak.
Aresek alderdi horiei dei egin zien ezker abertzalea ekintza horren aurka ager dadin «behartzeko» eta lortu ezean ekintza batasuna bertan behera uzteko.
PPko EAEko lehendakari Antonio Basagoitik ere ezker abertzaleak ETAren ustezko lapurreta «argi, irmo eta zehaztasunez» gaitzetsi behar duela esan zuen atzo, baina ez du uste hala egingo duenik «ETAk eta Batasunak osatzen duten tandema ez delako hautsi».
Eusko Alkartasuna ere aipatu zuen Basagoitik, zeinaren arabera «Batasunaren alokairuko amaren papera» jokatzen ari da; «kontuz ibil dadila, hortik edozer gauza jaio daiteke eta, baita alien bat ere».
Ezker Batuak ere dei egin zion ezker abertzaleari, «jendaurrean, ETAren azken ekintza errefusa dezan», eta ETAri bere ekintzen behin betiko eten egiaztagarria eska diezaion.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, bestalde, «bakearen bidean harriak jartzeari uzteko» eskatu zion ETAri, eta Gernikako Akordioak dioena errespetatzeko eskatu zion. Dena den, ekintza hau zenbaitzuek «alderdikeriaz» erabiltzea deitoratu zuen.
Bi agintari, bi iritzi
Azken berrien inguruan, «falta dena, jazo ez dena» dela esan zuen Nafarroako lehendakari Miguel Sanzek: «Armak uzten dituela iragarriko duen ETAren agiria falta da, eta esan dezala indarkeria eta mehatxua uzten dituela eta onar dezala denbora honetan nafar gizarteari bereziki eta, oro har, espainiarrari eragin dion kalte guztia».
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren ustez, berriz, «bakea lortzeko aukera dugu esku artean; ezin diogu ihes egiten utzi». Olanok esan zuenez, «denok lan egin behar dugu» une honetan sortzen ari diren baldintzak sendotu daitezen, «eta gure herrira behin betiko bakea irits dadin lor dezagun».
«Merezi dugu, eta denok egin behar dugu lan hori lortzeko», esan zuen diputatu nagusi gipuzkoarrak.
Ares: «Lapurretak frogatu du ETAk ez duela oraindik armak uztea erabaki»
Herrizaingo sailburuak «ekintza terrorista horren aurka argi eta garbi» agertzeko eskatu dio ezker abertzaleari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu