Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur goizean ETBn emandako elkarrizketa batean esan du "zentzuzkoena" izango litzatekeela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzea —Auzitegi Konstituzionala bihar hasiko da aztertzen Sorturen babes helegitea—.
Aresen arabera, ezker abertzalea "dagoeneko" erakundeetan dago, "prentsaurrekoak ematen ditu eta bere jarreraren berri normaltasunez ematen du".
Aresek uste du Sortu legeztatzeak ez lukeela "ezer" aldatuko, "abertzale erradikalak, Amaiurren bitartez, politikan parte hartzen ari direlako".
"Agian eraginen bat izango du beste alderdi nazionalista batzuekin etorkizunean egingo dituzten koalizioen antolaketan eta egituran", esan du.
Dena dela, Konstituzionalaren erabakia errespetatuko duela adierazi du.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Sortu legez kanpo utzi zutenetik urtebete baino gehiago pasatu dela gogorarazi du gaur. “Denboran luzatu duten bidegabekeria ez da bakarrik alderdi baten kontrakoa, baizik eta gure herriaren sektore politiko eta sozial jakin baten kontrako mendekua. Euskal Herrian normalizazioa eta bizikidetza lortzeko ezinbestekoa den sektoreaz ari gara hizketan".