Esteban Muruetagoiena euskal medikuaren alde Oiartzungo osasun zentroan jarritako oroigarria puskatu duena ertzain bat izan daitekeela aitortu du gaur Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Hala izatekotan, "bere kasa" apurtu zuen plaka poliziak, Aresek Eusko Legebiltzarrean esan duenez.
Maiatzaren 8an edo 9an hautsi zuten oroigarria, eta Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak horri buruz galdetu dio Herrizaingo sailburuari. Honek adierazi du Ertzaintzak ez zuela plaka erretiratzeko agindurik eman. Haustailea ertzain bat izan bada, Aresek iragarri du haren aurkako neurriak hartuko dituztela.
Basaberen ustez, "egokiak eta zuzenak" izan dira sailburuak emandako azalpenak.
1982an atxilotu, "torturatu" eta hil
Esteban Muruetagoiena (Ondarroa, 1943) mediku lanetan ibiltzen zen Oiartzunen. Ustez balaz zauritutako ETAko kide bat sendatzea egotzita, 1982ko martxoaren 16an Guardia Zibilak atxilotu egin zuen. Atxilotua egon zen bitartean inkomunikaturik egon zen, eta Donostiako eta Madrilgo polizia etxeetan bederatzi egunez torturatu egin zutela salatu zuen TATek. Martxoaren 25ean aske geratu zen, baina hil egin zen handik hiru egunera.
Hasieran, Muruetagoiena bihotzekoak jota hil zela esan zuten, baina autopsiaren txostenean torturatu egin zutela agerian geratu zen. Elektrodoek eragindako erredurak zeuzkan buruan, bularrean eta azalean; isuri bat eragin zioten ezkerreko belarrian, barrabilak puztuta zeuzkan... Horretaz gain, Bixente Ibargurenek torturen berri eman zuen; izan ere, Donostiako polizia etxean elkarrekin egon zirenean, medikuaren oihuak entzun zituela jakinarazi zuen.
Horiek hala, Muruetagoienaren alargun Elixabet Ormazak, senarra torturatu egin zutela eta horren ondorioz hil zela uste du. "Niretzat hilketa bat izan zen". "Ofizialki bihotzekoak jota hil zenez, guk ez dugu errekonozimendurik jaso".
politika
Aresek aitortu du balitekeela ertzain batek hautsi izana Muruetagoiena zenaren oroigarria
Guardia Zibilak atxilotu ondoren hil zen medikua, 1982an. Senideek eta TATek salatu zuten torturak jaso zituela. Oiartzunen aritzen zen mediku lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu