Bereari eutsi dio Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea eraitsi zuteneko istiluez, gaur berriro esan baitu Ertzaintzaren jokabidea "profesionala eta neurrikoa" izan zela. Bilboko Epaitegiko epaile batek baimena eman ondoren bota zuten Kukutza irailaren 23an, eta Ertzaintza gogor oldartu zitzaien herritarrei.
Aresek, ordea, adierazi du lehendabizi herritarrek erabili zutela indarkeria, eta bideo irudi batzuk erakutsi ditu hori frogatu nahian; kasu, Kukutzako eraikin gainetik jendea ertzainei gauzak botatzen ikusten da. Hala, uste du Ertzaintzak indarkeria erabili besterik ez zuela izan. "Ondorio larriagoak izatea saihestu zuen".
Jaurlaritza Kukutzako proiektuaren kontra ez dagoela esan du Aresek, baina azaldu du kultur egitasmo bat ezin dela indarkeriarekin defenditu, eta gaztetxekoei biolentzia salatzeko eskatu die.
Aralarrek, EAk eta EBk eskatuta, Herrizaingo sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean. Berak ere eskatu zuen hitz egitea.
Aralar, EA eta EB ez dira gustura geratu azalpenekin. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak galdetu dio ea barne ikerketa bat zabaltzeko asmoa duen. Juanjo Agirrezabala EAkoak Aresi erantzun dio "ez zegoen tokian" erabili zuela Ertzaintzak indarkeria. Mikel Arana EBkoak iritzi dio poliziak "modurik okerrenean" aritu zirela: "Indarkeriarekin".