Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan adierazi du Kukutza gaztetxea husteko Ertzaintzaren jarduna "bidezkoa, profesionala eta gehiegikeriarik gabekoa" izan zela, eta salatu du "Ertzaintzaren kontra antolatutako kanpaina bat" dagoela.
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak egin dio galdera, gaztetxea husteko Ertzaintzak izan zuen esku hartzearen inguruan. Galdera hori egiteko, Aralarrek kontuan hartu du Iñigo Lamarca EAEko arartekoak berriki argitaratu duen ebazpena.
Ebazpenak kritika egiten dio Herrizaingo Sailari, ez baitu "beharrezko ikerketa" abiarazi, ezta eskatutako informazio eskaini ere. Ertzaintzaren jarduna ere kritikatu du, ez omen zelako "proportziozkoa" izan.
Asteazkenean Alemaniako bi ikasle epaitu zituzten Bilbon. Fiskalak hiru urte eta erdiko zigorra eskatzen du haientzat, zaborrontzi bat erretzea egotzita.
Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea iazko irailaren 23an eraitsi zuten.