Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiak esan du “hasiera-hasieratik” lagundu zutela Iñigo Cabacasen heriotza ikertzeko auzitegiek abiatutako ikerketan. Aresek gaineratu duenez, berak zuzentzen zuen sailak horretarako “borondatea” erakusteaz gain, bere esku zegoen “dokumentazio guztia” utzi zuen epailearen esku. “Eta badakit egungo gobernuak ere jarrera bera duela”, gainaretu du.
Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok Aresek. Buruzagi sozialista ziur azaldu da Justiziak “azkeneraino” ikertuko duela Cabacasen heriotza eta argitu egingo dituela “egon litezkeen erantzukizun guztiak”. Prozesu hori “azkarragoa” izatea gustatuko litzaiokeen arren, esan du denbora gehiago beharko dela “xehetasun” guztiak argitzeko. Cabacasen senideek atzo eginiko adierazpenen eta eskaeren inguruan, berriz, adierazi du “errespetu osoa” zor diela haiei.