Joan den martxoaren 29an, lan erreformaren aurkako greba orokor egunean, Ertzaintzak jaurtiriko gomazko pilota batek buruan jo zuela frogatzeko asmoz bi bideo aurkeztuak ditu Xuban Nafarratek Gasteizko epaitegian, baina Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak lehengoarekin segitzen du: ertzainek ez zutela zauritu Nafarrate. Eusko Legebiltzarrean gaiari buruzko agerraldia egin du Aresek.
Aresek emandako arabera, ertzainengandik ihesi lasterka zihoala lurrera erori zen Nafarrate eta kolpearen ondorioz zauritu zen. Gaineratu du hura atzemateko ertzainak eskopetarik gabe jaitsi zirela autotik eta borrarekin jo zutela. Aitortu du ertzainek tiro batzuk egin zituztela, baina adierazi du ez zutela gomazko pilotarik bota.
Zenbait auzokidek grabatu zituzten aipaturiko bideoak.