Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak uste du bihar Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan 'amnistia' bezalako eskaerak egingo dituztela, eta halakoak Espainiako legedia aintzat hartuta ezin direla lortu ohartarazi du. Ondorioz, presoen arloan "politika errealista" egiteko eskatu du; hala-nola, banakako eskakizunak, espetxe onurak, preso gaixoen askatasun eskaerak...
"Hori dena garbi jarri beharra dago, mundu horretan [ezker abertzalean] berriro frustraziorik sor ez dadin", esan du Aresek. Honek dio Jaurlaritzak presoen arloan "politika errealista" egitea defenditzen duela. Patxi Lopez lehendakariak irailean "espetxe poltika malgua" eskatu zuen.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) duela aste batzuk jakinarazi zuen preso bakoitza Euskal Herriko kartzeletara eramateko eskaera egiten hasiko zela.
Egin Dezagun Bideak antolatu du Bilboko biharko martxa (17:30, Casilla), eta eskaera hauek ari da egiten: presoak Euskal Herriratzeko, eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak, gaixotasun larriak dituztenak eta Parot doktrina ezarri dietenak askatzeko.
Ares eta Lopez Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin bilduko dira egun batzuk barru, PPko iturriek atzo jakinarazi zutenez. Iturri horiek berak esan dute Mariano Raxoi Espainiako presidentea Lopezekin eta Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearekin bilduko dela otsailean.