Aresen dimisioa eskatu dute alderdi politiko ugarik

Ertzaintzak gomazko pilotak ez ditzala gehiago erabili eskatu dute Bilduk, Amaiurrek eta Ezker Anitzak

Bilbo
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Azken orduetan, alderdi politiko guztiek elkartasuna adierazi diete Iñigo Cabacasen senide zein lagunei. Hor bukatzen dira, igaro den ostegun gauean Bilbon jazotako gertaera larriari dagokionez, alderdiek plazaratutako iritzien arteko adostasunak. Izan ere, gaztearen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren oldarraldiaren inguruko interpretazio kontrajarriak nagusitu dira.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi dimititzeko eta poliziak gomazko pilotak erabiltzeari uzteko eskatu dute hainbat alderdik.

Aresek «hasieratik zekien»

Sailburuaren dimisioa eskatzea baino pauso bat haratago joan da Bildu: Bilboko zinegotzi Helena Gartziaren hitzetan, Aresek «hasieratik zekien» Ertzaintzak jaurtitako pilota bat izan zela Cabacasen heriotza eragin zuena. Iritzi horrekin bat egin du Ezker Anitzako idazkari nagusi Mikel Aranak. Haren irudiko, azken egunetan Herrizaingo Sailak ostegun gauean gertatutakoaren inguruko informaziorik ez biltzea «sinesgaitza» da. Biek ala biek eskatu dute Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari uzteko. Amaiurrek, Euskadiko Partidu Komunistak, Equok eta Ezker Batuak ere galdegin dute gomazko pilotak berriz ez baliatzea, eta erantzukizun politikoak argitzea.

Halaber, Amaiurrek gaineratu du Cabacasena ez dela «kasu isolatu bat». Koalizioak salatu du hainbat indar polizialek piloten «kontrolik gabeko» erabilpena egiten dutela. EPK-k gazte basauritarraren heriotza «gaitzetsi» du. Komunisten ustez, Cabacas Ertzaintzaren «jokabide basatiaren biktima» izan da. Equorentzat, berriz, «kontrolik gabekoak onartezinak dira Ertzaintza bezalako zerbitzu publikoetan». Ildo berean, EBk ohartarazi du «krisiaren aitzakipean» poliziaren jarduna «erradikalizatzen» ari dela.

Gazte Independentistek, ostera, «erailketatzat» jo dute Cabacasen heriotza. Garai politiko berrian, Ertzaintzaren jokabidea «jokoz kanpo» dagoela uste dute,horren adibidetzat jarriz indar polizial horrek martxoaren 3an Gasteizen egindako karga, greba orokor egunean zehar izandako «jarrera bortitza» eta Athletic-Schalke 04 partidaren osteko gertakaria.

Alta, EAEko Alderdi Popularreko presidente Antonio Basagoitik kritikatu du «kasua politizatzeko Batasunak egin duen saioa». Auzia «alderdien interesetatik aldentzen» tematu da Basagoiti, baina, gaineratu duenez, horrelako gertakizun bat PPk gobernatutako autonomi erkidego batean gertatu izan balitz, «sozialistak norbait gurutziltzatzeko eskatzen arituko lirateke». Azkenik, Cabacasen kasua Ertzaintzaren egunerokojarduna kritikatzeko ez erabiltzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.