iñigo cabacasen heriotza

Aresi Cabacasen heriotzaren "erantzukizun osoa" bere gain hartzeko eskatu diote Aralarrek, Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk

Haren dimisioa ere eskatu dute, gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Aresen agerraldia "ihesaldi politikorako ariketa hutsa" izan zela uste dute. Iñigo Cabacasen senide eta lagunek deituta, gaur bilkura isila egingo dute Basaurin, 20:30ean. Igandean Athleticeko peñek beste hainbat ekintza iragarri dituzte, Cabacas gogoratzeko. Atzo Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak bere gain hartu zuen Cabacasen heriotzaren "erantzukizun politikoa". Nafarroako Foruzaingoko sindikatuek gomazko piloten erabilera berrikusteko eskatu dute.

2012ko apirilaren 13a
19:18
Entzun

EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ezker abertzaleak gaur goizean Bilbon eman duten prentsaurrekoan bere gain "erantzukizun osoa" hartzeko eta dimisioa emateko eskatu diote Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari. Aresek atzo egindako agerraldia "ihesaldi politikorako ariketa hutsa" izan zela uste dute, eta haien arabera, "ez zen gai izan" gertaeren inguruko "bertsio sinesgarria" emateko. 

Atzo Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak bere gain hartu zuen Cabacasen heriotzaren "erantzukizun politikoa", Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, baina esan zuen ez duela dimisioa emango.

"Informazioa ezkutatu zuen eta lekuko zein kaltetutako lagunei errespetu falta izugarria erakutsi zien", gaineratu dute lau alderdiek. Cabacas hil den arte Eusko Jaurlaritzak "aurpegia eman ez izana oso larria" dela diote, eta ondoren gertaerak "manipulatzeko ahaleginetan" aritu dela nabarmendu dute.

Amaia Agirresarobe (Alternatiba), Dani Maeztu (Aralar), Maribi Ugarteburu (ezker abertzalea) eta Unai Ziarreta (EA) izan dira prentsaurrekoan.

Lau alderdiek kritikatu dute gertaera horiek errepika ez daitezen Aresek ez dituela "bermedun neurriak" proposatu. Gainera, Legebiltzarrean agerraldia egiten ari zen bitartean hainbat ertzainek Bilbon prentsaurreko bat eskaintzen ari zirenen kontra egin zutela salatu dute.

Horrekin batera "ikerketa gardena eta zorrotza" abian jartzeko eskatu dute, eta beharrezkoa balitz, "tartean dauden ertzainekin, arduradunekin eta arduradun politikoekin neurriak hartzeko".

Elkarretaratze isila gaur, Basaurin

Gaur Iñigo Cabacasen senide eta lagunek hamabost minutuko elkarretaratze isila egingo dute Basauriko Arizgoiti plazan (Bizkaia), 20:30etik aurrera. Iñigo Pitu beti gurekin. Ez dago eskubiderik leloa eramango dute. Basauriko Udalak bat egin du deialdiarekin.

Gomazko piloten erabilera mugatua

2013tik gomazko piloten erabilera mugatu egingo dutela iragarri zuen atzo Aresek: brigada mugikorrek eta 'bereziek' bakarrik izango dute pilotak botatzeko eskopeta 2013tik. Gaur Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berretsi du ikerketa "amaierara arte" eramango dutela.

Nafarroako Foruzaingoko sindikatuek —APF, SPF, Afapna, CCOO, UGT eta ELAk— gomazko piloten erabilera berrikusteko eskatu dute. Datorren astean bilduko dira sindikatuak eskaera bateratu bat egiteko.

Ares Ertzaintzako sindikatuekin bilduko da gaur arratsaldean, materialean izango diren aldaketaren inguruko azalpenak emateko.

Igandean, peñen deia

Igandean peñek Cabacasen aldeko ekimenetara batzeko dei egin dute. Peñek "martxa isila" antolatu dute iganderako, Iñigo Cabacasen alde. Athletic eta Mallorcaren arteko partida baino ordu eta erdi lehenago hasiko da, Moyua plazan, 16:30ean, eta San Mames futbol zelaian amaituko da.

Horrekin batera, beste hainbat proposamen egin dituzte: partidako zati bakoitzeko 9. minutuetan isilik egotea eskatu dute, eta 10. minutuan txalo egitea. Gainera, Athletici eskatu diote egun horretan klubaren ereserkia ez jartzeko, "errespetua" erakusteko.

Athleticek minutu bateko isilunea gordeko du partida hasi baino lehen; 18:00etan hasiko da norgehiagoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.