Ertzaintzak igande gauerdian atxilo hartu zuen, Aretxabaletako Larrino auzoko elizpean (Gipuzkoa). Egotzi dioten erasoak, baina, goizaldean gertatu ziren, 5:00 aldera. Metalezko barra batekin osaba jotzea, eta zauri larriak eragitea leporatu diote 25 urteko gazteari. Gasteizko Santiago erietxera eraman zuten berehala gizonezkoa, arta zezaten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, etxebizitza barruan egin zion eraso. Azaldu du eraikin berean bizi direla biak, eta gazteak balkoitik igota lortu zuela osabaren etxera sartzea, leihoko kristala hautsita. Ertzaintzak bi etxebizitzak miatu, eta odol arrastoak topatu zituen. Epailearen aurretik pasatu eta gero, Martuteneko kartzelan espetxeratu dute gaur.