Astelehen ilunabarrean gizon gazte bat hil zen Azkoienen (Nafarroa), Arga ibaia bainua hartzen ari zela. Hainbat lagunekin uretara sartu eta, bat-batean, «hondoratu» egin zela jakinarazi zuten haren kideek. Ahaleginak egin zituzten laguntzeko, baina urak «uher» zeudela eta non zegoen ikusteko modurik ez zegoela esplikatu zuten. Aurten Nafarroako ibai eta urtegietan bainua hartzen hiltzen den seigarren pertsona da, eta erne eta tentuz ibiltzeko abisua plazaratu du Nafarroako Gobernuak. Bainua hartzeko leku baimenduak hamar bakarrik direla ohartarazi du, eta leku horietatik at bainatzeak dituen arriskuez ohartarazi du. «Kontu handiz ibili behar da». Hartara, baimendu gabeko lekuetan ez bainatzeko gomendioa eman du.
Azkoienen hildakoa 28 urteko gizon bat zen; sei urte zeramatzan bertan bizitzen. Desagertzearen berri izan, eta berehala agertu ziren larrialdi zerbitzuak haren bila. Azkenean, gauerdi aldera aurkitu zuten, hilotz. Larunbatean Eugiko urtegian (Esteribar, Nafarroa) izan zen antzeko jazoera bat; 17 urteko mutil bat zendu zen, lagunekin batera bainua hartzen ari zen bitartean. Uretara sartzea debekatuta dagoen leku batean izan zen. Larrialdi zerbitzuak saiatu ziren gaztea salbatzen, baina ahaleginak alferrekoak izan ziren guztiz.
Arga ibaian bainua hartzen ari zen gazte bat hil egin da Azkoienen
Baimenduta dagoen lekuetatik at bainua hartzearen arriskuaz ohartarazi du Nafarroako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu