Atzoko ezbeharrak kezka sortu du Nafarroan: gasolina eta gasolioa garraiatzen zituen kamioi-zisterna bat PA-30 errepidean irauli zen, Antsoain parean. Biltegietako bat puskatu eta 10.000 litro gasolio isuri ziren errepide ertzera. Istripua gertatu zen tokia Arga ibaitik urrun egonagatik ere, euri-uren kanalizazio bideetan sartu zen gasolioa, eta hortik heldu zen ibairaino.
Gertaera horrek zaildu egin ditu isuria kontrolatzeko lanak, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa zerbitzuko zuzendari nagusi Eva Garcia Balaguerren esanetan: "Gasolioa ez da bide bakarretik jausi, hainbat puntutatik iritsi da ibairaino; hortaz, suhiltzaileek jarritako hesiak ez dira nahikoak izan isuria gelditzeko". Garcia Balaguerrek azaldu du suhiltzaileek lau hesi jarri zituztela ibaiko beste horrenbeste puntutan: "Gasolioa xurgatuko dute hesi horiek, eta xurgatu ezin dena ibai bazterrera eraman eta kamioien bidez ponpatuko dugu".
Departamentuaren arabera, goiz da oraindik kalte osoak neurtzeko: "Badakigu kamioitik 10.000 litro gasolio isuri zirela, baina ez dakigu zehazki zenbat litro iritsi diren ibairaino, eta zenbat gelditu den bide bazterretan nahiz kanalizazio bideetan. Hiruzpalau egun beharko ditugu, zerbitzu bakoitzak neurketa zehatzagoak egin ditzan".
Uneotan, gasolio orbana Gares parean egonen dela uste du Garcia Balaguerrek: "Hor geldiune bat du Arga ibaiak, eta gasolioa ere hor geldituko da. Saiatuko gara isuria hor garbitzen".
Ur edangarrian eraginik ez
Isuriak izan ditzakeen kalteez hitz egin dute Garcia Balaguerrek eta Nafarroako Basozainen Iruñerriko buru Jose Garcia-Falcesek. "Txorrotako ur edangarrian ez du inongo eraginik izanen, iturburu guztiak dauden tokitik behera gertatu baita isuria", azaldu du zerbitzuko zuzendari nagusiak.
Basozainen buruak kalte ekologikoa izan du aipagai: "Isuri toxikoen kasuan, berehala agertzen dira arrainak hilik, baina kasu hau ezberdina da. Gasolioa ur azalean gelditzen da, ez du ibaiaren hondoa kutsatzen; hortaz, arrainei eta ur azpian bizi diren ornogabeei ez die eraginen. Orain, gure kezka nagusia hegaztiak dira: ahateak eta ubarroiak, nagusiki". Hala ere, urtaro honetan dagoen hegazti kopuruari eta ur emariari esker, kaltea "izan zitekeena baino txikiagoa" dela nabarmendu dute Garcia Balaguerrek eta Garcia-Falcesek.