Auzitegi Nazionala

'Argala'-ren omenaldian hitzaldi politikoa egin zuela esan du Otegik

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur Arnaldo Otegi Batasuneko buruak. 2003ko abenduan Jose Miguel Beñaran =i Argala=i ETAko buruzagi zenaren omenaldian "terrorismoa goraipatzea" leporatzen diote Otegiri. Omenaldi hartan egin zuen hitzaldia guztiz politikoa izan zela adierazi du Otegik, hauteskundeei begirakoa. Terrorismoa ez zuela goraipatu adierazi du Batasunekoak egin zuen gauza bakarra Bergarako proposamena defendatzea izan zela. Espainiako Gobernurako hauteskundeei begira autodeterminazioa eskubidea defendatu zuten alderdi politiko guztiak zerrenda bakarrean aurkezteko proposamena hain zuzen.

2006ko apirilaren 10a
17:38
Entzun
Batasuneko buruzagiaren deklarazioa amaitu ostean lekukoek deklaratuko dute orain.

Otegi Batasuneko buruzagia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute gaur, 2003ko abenduan Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagi zenaren omenaldian egindako adierazpenengatik. Hain zuzen ere, "terrorismoa goraipatzea" egozten diote Otegiri, eta Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eta 7 urteko inhabilitazioa eskatzen du. Otegi goizeko bederatziak eta laurden aldera iritsi da Madrilera, Auzitegi Nazionalera. Besteak beste, Pablo Gorostiagak eta Jose Luis Elkorok deklaratuko dute lekuko gisa.

Argala hil zuteneko 25. urteurrena betetzen zela-eta Arrigorriaga (Bizkaia) jaioterrian egin zioten omenaldian parte hartu zuen Otegik. Bere hitzaldian jarraitu beharreko eredutzat hartu zuen Argala, eta, halaber, eskerrak eman zizkien ETAko kideei urte luzetan aurrera eramandako borrokagatik.

Adierazpen horien harira epaituko dute gaur Otegi: "terrorismoaren goraipatzea", eta, beraz, delitua direla uste du Fiskaltzak. Ondorioz, 15 urteko espetxea eta 7 urteko inhabilitazioa eskatzen du Otegiren aurka.

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko duten arren, EAEko Auzitegi Nagusian abiatu zen 2004ko otsailean auzi hori, Fiskaltzak ezarritako kereila tarteko. Gero, ordea, Otegik Eusko Legebiltzarreko kide izateari utzi eta forua galdu zuenean, EAEko Auzitegi Nagusitik Auzitegi Nazionalera igaro zen auzia.

Batasuneko bozeramailea ostiralean utzi zuten aske 250.000 euroko bermea ordainduta, Juan Joxe Petrikorena Batasuneko komunikazio arduradunarekin eta Juan Mari Olano Askatasuneko buruzagiarekin batera.

Gaurkoaz gain, beste hiru auzi ditu Otegik Auzitegi Nazionalean "terrorismoa goraipatzeagatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.