Euritea

Argan eta Ebron uholde handiagoak espero dituzte gauean eta goizaldean

Hurrengo egunetan, mendialdean pilatutako elurraren urtzeak uholdeak eragin ditzake Ebroren ibarrean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ibaien ur emaria apaltzen joango dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak, eta larrialdi egoera indargabetu du.

Arakil ibaia, gainezka eginda, Sakanan. NAFARROAKO GOBERNUA
2018ko apirilaren 12a
07:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak gauerdirako iragarri du Argaren ur emaririk handiena, Funes inguruan. 900 eta 1000 metro kubiko espero dira segunduko. Ebro ibaiaren ur emari gorena, berriz, goizaldeko 3:00ak alderako aurreikusi dute Castejonen eta 8:00ak ingururako Tuteran. Ebroren kasuan, emaria 2.500 metro kubiko segundoko izatera hel daiteke.

Nafarroako Gobernuko Babes Zibil zerbitzuak herritarrei eskatu die ibaien ertzetara ez hurbiltzeko eta uholde arriskua dagoen tokietan autoa ez hartzeko, guztiz beharrezkoa ez baldin bada. Halaber herritarrei gomendatu diete argindar poste eta kabletara ez hurbiltzea eta uholdeak hartutako kaletan ez ibiltzea; eraikinetako behe solairuak ekiditea; ur, gas eta argindar hornidura etetea, eta ibaiak ez zeharkatzea.

Biharko eguraldi iragarpenaren arabera, prezipitazio ahulagoa izango da Nafarroan, baina hurrengo egunetan tenperaturak gora egingo du eta horrek mendialdean pilatutako elurra urtuko du pixkanaka. Ondorioz, Ebron uholde gehiago izan daitezke asteburuan ere.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, behera egingo du ibaien ur emariak, Jaurlaritzaren esanetan. Hori dela eta, batetik zerora murriztu du larrialdi maila. Hala ere, arreta bereziz zainduko ditu Urumeako eta Zadorrako ibarrak.

Uribarriko urtegiak egoera baliatuko du ura askatzen jarraitzeko. Segundoko 60 metro kubiko husten jarraituko du, urtegiak hurrengo egunetan prezipitazio pilatzeko ahala berreskuratu dezan. Uribarriko urtegia edukiera gaitasunaren %96an izan da gaur, %90ean izan da Urrunagakoa eta %100etik gertu Añarbekoa. Azken horrek ura askatzeari ekin dio 15:00ak aldera, Urumearen ur maila murrizten hasi denean. Hurrengo egunetan, hustearekin jarraituko du "ibaiaren ur mailak onartzen duen heinean".

Eragozpenak bai, arazo larririk ez

Euriteak hainbat arazo eragin ditu Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Hala ere, ez da ezbehar larririk gertatu.

Nafarroan, irudi ikusgarriak utzi dituzte Arga, Arakil, Aragoi eta Ebroko uholdeek.

Ibaiek gainezka egin duten tokitan hainbat errepide moztera behartu du egoerak. Iluntzean, itxi egin dute N-113 errepidea Castejonen, eta Ebro ibaia gurutzatzeko AP-15 autobidetik bideratu dute trafikoa. Horrez gain, bigarren mailako errepide sareko zortzi puntu moztu behar izan dituzte.

Gipuzkoan, N-1, N-634 eta GI-632 errepideetan sortu dira arazorik handienak. N-1ean, Itsasondon, autobidea itxita egon da goizean eta arratsaldeko lehenengo orduetan, Donostiarako bidean, luizi baten ondorioz. Zazpi kilometro arteko autoilarak eratu dira. N-634an, beste luizi bat izan da Getaria eta Zarautz artean, eta errepidea itxita egon da gauean. GI-632an, Eskoriatza parean, hondoratu egin da bidea eta, Gipuzkoako aldunditik adierazi dutenez, "zazpi bat aste" beharko dira konponketa lanak amaitzeko.

Araban, suhiltzaileek Billodaneko bizilagunak ebakuatu dituzte, herria isolatuta gelditu baita.

Andagoian ere lana izan dute. Herriko haurrak eskolara eraman dituzte, eskola autobusak ezin baitzuen trafikoa bideratu duten errepidetik igaro. Horrez gain, bigarren mailako hainbat errepide egon dira itxita.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.