Argazki berria aurki Kongresuan

Foru hauteskundeetako emaitzak Espainiako Kongresukoetara estrapolatuz gero, ondorioak argigarriak dira. Abertzaleak nagusi dira aulki banaketan (23tik 15), eta bi multzo abertzaleak (EAJ eta Bildu) parez pare daude.

Pello Urzelai.
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Datorren azaroaren 20an izango diren hauteskundeek bigarren argazki bat aterako diote Euskal Herriko egoera politikoari. Berez, joan den maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzek —Bilduren agerpenak markatuta—egoera aldaketa argi ikusarazi zuten, legez kanporatzearen araberako mapa politikoa atzean utzita. Udal eta foru hauteskundeetako emaitzek eta haien araberako erakundeen osatze prozesuakegoera berriaren argazki argia utzi dute. Hilabete gutxi batzuk geroago, Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak aldaketa neurtzeko beste aukera bat izango dira. Maiatzeko hauteskundeetako emaitzak Kongresurako hauteskundeetara estrapolatuz gero azaltzen da nola isla daitekeen egoeraren aldaketa hurrengo hauteskunde lehian.

Emaitzak, jakina, ez dira errepikatuko, besteak beste, hauteskunde ezberdinak direlako, baina mapa politikoa ez da oso ezberdina izango estrapolazioak erakusten duenarekin alderatuta. Estrapolazioak, gainera, abagune politikoa hobeto ulertzen laguntzen du. Estrapolazioa eginda, hobeto antzematen da nolako aukerak dauden hurrengo hauteskunde erronkan eta nolako sinplifikazioa ekarriko duen mapa politikoan.

Abertzaleen nagusitasuna

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetako botoak Espainiako Kongresuko aulkiak banatzeko erabiliz gero, emaitzak argiak dira. Batetik, abertzaleen nagusitasuna erabatekoa da: Hego Euskal Herrian 23 aulkitik 15 lortuko lituzkete (EAJk 7, Bilduk 7 eta NaBaik 1), emaitzak parekoak izanez gero. Bestetik, abertzaleen eremuan bi indar agertzen dira parez pare, bakoitza zazpina aulkirekin: EAJ eta Bildu. Azkenik, mapa politikoa sinplifikatzen da: lau indarren artean dago jokoa, alderdi txikiek ez dute lortzen ordezkaritzarik.

Araban lau diputatu daude aukeratzeko, eta, estrapolazioaren arabera, lau alderdik eskuratuko lukete aulki bana: PPk, EAJk, Bilduk eta PSE-EEk.

Bizkaian, berriz, EAJk eskuratuko luke diputatu kopuru handiena (lau), Bilduk, bigarren indarra izanik, bi aulki eskura ditzake, eta PPk eta PSE-EEk bana.

Gipuzkoan, sei aulkitik hiru lortuko lituzke Bilduk, foru hauteskundeetan lortutako nagusitasunarekin. EAJk (2) eta PSE-EEk (1) lortuko lituzkete besteak. PP diputaturik gabe geldituko litzateke, estrapolazioaren arabera.

Bilduren agerpenenarekin batera, PSE-EEren posizioaren ahultzea ageri da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa politiko berrian.

Nafarroan, Bildu, laugarren indarra izanik ere, aulki banaketan sartuko litzateke. UPNk bi diputatu lortzeari eutsiko lioke, eta PP gabe geldituko litzateke. PPk aulkia lortzeko, Bilduren gainetik geldituko beharko luke edo UPNk askoz boto gutxiago lortu beharko lituzke.

Bipolarizazioa

Foru hauteskundeetako emaitzak Kongresurako hauteskundeetara eramatean, zenbait faktore kontuan hartu behar dira, besteak beste, hautesleriaren jokabidea ez baita berdina izaten hauteskunde guztietan. Horren ondorioz, estatuko alderdiek emaitza hobeak lortzen dituzte Espainiako hauteskunde orokorretan, foru edo udal hauteskundeetan baino. 2007ko foru hauteskundeak eta 2008ko Kongresurako hauteskundeak alderatuz gero, argi ikusten da joera hori. Adibidez, PSE-EEk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 184.694 boto gehiago bildu zituen 2008an 2007an baino. Eta PPk 49.599 gehiago. Fenomeno hori areagotu egiten da Espainian PSOE eta PPren hautagaien arteko lehia estua denean (2008an bezala), bipolarizazioaren bidez. Halaber, kontuan hartu behar da alderdi sozialista gain beherako fasean dagoela eta PP alderantziz, boterera iristeko aurreikuspenei esker. Dena den, alderdi sozialistak eta PPk azaroan maiatzean baino emaitza hobeak lortu arren, ustekaberik ezean, ez dirudi nahikoa izango denik estrapolazioaren araberako aulki banaketa asko aldatzeko. EAJk Bizkaian, Bilduk Gipuzkoan, PPk Araban eta UPNk Nafarroan lehen indarra izateari eusten badiote, aulki banaketa estrapolaziotik gertu egongo da.

Abagune politikoa

Emaitzei begira, PSE-EE eta PPren artean sortutako bipolarizazioaz gain, gakoa indar abertzaleek boto emaileak mobilizatzeko gaitasunean egongo da. Hau da, EAJren eta Bilduren eskaintza politikoaren erakargarritasunean eta eraginkortasunean. EAJ jabetu da egoeraz, eta dagoeneko aurreratu du zein izango den bere eskaintzaren ardatza. Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakaria argi mintzatu zen alderdiaren 116. urteurrenean: «Lau urte hauetan Estatutua betetzea lortu dugu. Eta orain Euskadik estatus berri bat lortuko du. Hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen helburua». Estatus berria, baina nolakoa? Hori EAJk urte bukaeran egingo duen Batzar Nazionalak onartu beharko duen txostenean argituko da.

Bilduk, berriz, maiatzeko olatua baliatu ahal du. Halaber, Auzitegi Konstituzionalak hauteskundeen aurretik Sortu legeztatzen badu, beste bultzada bat izan dezake. Hala ere, emaitza onak lortzeko eskaintza politikoa berritu beharko du. Abagune politikoan ongi txertatzen den eskaintza politikoa egin beharko du. Abagune honetan, bake eta konponbide prozesu baten hastapenetan, Madrilera zertarako joan ongi azaltzen duen eskaintza edo programa aurkeztu beharko du. Une egokia izan daiteke Madrilera aurkezteko Gernikako Akordioaren moduko bide orri batekin eta horri sinesgarritasuna emango dioten hautagai sendoekin. Une egokia izan daiteke Madrilera herri gisa aurkezteko, eta ez formula alderdikoi batekin. Bide horretan Bildu abiapuntu ona da. Gainera, Bildu koalizioa zabaldu eta indartzeko aukera ere badago. Aralar da horretarako aukerarik hoberena. Aralarrek badaki —estrapolazioak erakusten duenez— bakarrik aurkeztuz gero oso zaila duela aulki bat lortzea —uste hori, gainera, zabalduta dago gizartean—.

Foru hauteskundeen estrapolazioaren arabera, Aralarren botoak Bildukoei gehitzeak ez luke ekarriko diputatu gehiago. Nafarroan ere, NaBairen botoak eta Bildurenak batzeak ez du diputatu gehiago ekarriko —bana bakoitza bere aldetik aurkeztuta, eta bi batera—. Baina batuketaren balio politikoa handia da egoera politiko honetan, Espainiako Gobernu berriaren aurrean, bake eta konponbide prozesua sendotze aldera funtsezkoa baita ahalik eta multzo indartsuena osatzea. Aralarren batuketa gehitze kualitatibo bat izango litzateke, baita ezkerreko erreferente subiranista indartsu bat osatzearen ikuspuntutik ere. Nafarroaren kasuan, UPNrekin lehen postuagatik lehiatzeko ezin aukera hobea emango luke NaBai eta Bilduren batuketak, alternatiba eraikitzeko bidean. Nafarroan, baina, batuketa zailagoa da, NaBaiko kide diren EAJ eta independenteak ez daudelako eroso Bildurekin indarrak batzeko aukerarekin. Korapilo hori askatzea giltzarri izango da indar bilketa berria gerta dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.