Epaileak ontzat jo du Kote Cabezudo argazkilaria espetxean sartzeko eskakizuna. Akusazioak egin du gaur goizean, eta Fiskaltza bat etorri da eske horrekin. Lehendik bederatzi aldiz egina zen eskari bera, baina ukatu egin zuen beti epaileak. Orain magistratu berri bat ari da, ordea, kasuarekin –aurrekoaren kontrako kereila bat onartu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta ezin du auziarekin jarraitu— eta jarrera aldaketa bat egon zitekeela espero zen. Delituen errepikapena, eta biktimen ondare juridikoei egindako kalteak, horiek izan dira kartzelan sartzeko eskakizuna erabili dituzten argudioak, eta ontzat jo ditu epaile berriak.
Jendea elkartu da gaur eguerdian Donostian, auzitegi parean, 'Kote Cabezudo' kasua lehenbailehen argitzeko eskatu dute, eta biktimei elkartasuna erakutsi diete. Tartean izan dira aktore ezagunak: Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Klara Badiola... Elkarretaratze "inprobisatu" bat izan dela esan dute, baina halakoekin jarraitzeko asmoa dutela.
Moda argazkilari ezaguna da Cabezudo, argazki erotikoak egiteagatik ere famatua. Zortzi emakumek salaketa jarrita dute haren kontra, eta horien abokatuak esan du beste horrenbestek ere urratsak hasita dituztela horretarako. Besteak beste, abusuak egozten dizkiote, eta argazkiak baimenik gabe zabaltzea. Abokatuak esan du auzitarako urratsa egin dutenez harago, gehiago ere ari zaizkiola galdezka.