Ekainaren 10ean 201,9 kilometroko giza katea egiteko asmoa du Gure Esku Dago-k. Donostia, Bilbo eta Gasteiz batu nahi dituzte, eskuz esku. Eta, horretarako, 100.000 lagun behar dituzte.
Euskal Herritik euskal diasporara zabaldu dute egun horretara begira egiten ari diren kanpaina, eta, asteburuan, Buenos Airesen giza kate bat egin dute, babesa erakusteko. "Herritarren esku dago helburu hori lortzea", azpimarratu dute.
Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko eleduna ere ekitaldian izan da. "Euskal diasporatik euskal komunitate guztiari eskua eskaini digute", azpimarratu du. Giza katera batzeko deia egiten dute argentinarrek, hain justu, bideoan.
Ez da hori izan Gure Esku Dagok asteburuan egin duen ekimen bakarra. Herritarron Ituna osatzeko ahaleginean ari dira herriz herri, eta horretarako mintegi bat egin dute. Gainera, Euskal Etxeetako ordezkariekin ere hitz egin dute sor daitezken ekimenen inguruan.
Horretaz guztiaz gain, atzo herri galdeketak egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako 23 udalerritan.