Gazteen aurkako epaiketa

"Argi geratu da sektore aktiboenak kriminalizatu nahi dituztela Auzitegi Nazionalean"

Abenduko saioak bukatuta, atzo itzuli ziren Madrilen epaitzen ari diren gazteak. Lekukoen txanda bukatuta, perituek deklaratzea falta da, azken ondorioak aurkeztu aurretik. Momentu oso gogorrak pasatu behar izan dituztela diote auzipetuek, baina baita "oso politak" ere.

Gazte auzipetuak, Madrilen, epaiketaren lehen egunean. M. J., ARP
Hodei Iruretagoiena
2013ko abenduaren 12a
15:41
Entzun

Duela bi hilabete epaiketa hasi zenetik, hamaika ordu igaro dituzte akusatuen aulkian Segiko kide izate egotzita epaitzen ari diren gazte auzipetuek. Baita errepidean ere. Orain artekoak bukatuta, azken fasean sartzen ari da epaiketa: urtarrilaren 16an, 17an, 30ean eta 31n izango dituzte azken saioak. Poliziak eta guardia zibilak ariko dira akusazioen peritu gisa, eta Istanbulgo protokoloaren erabiliz, tortura eta tratu txarren frogak aurkeztuko dituzte gazteek.

Lehen hiru egunetan deklaratu zuten auzipetuek, militante politikoak zirela aldarrikatu eta torturatu egin zituztela salatzeko. "Bertan egondako edonor jabetuko zen zer nolako testigantzak eman ziren, eta bizipen horiek gogoratzeak zein giro sortu zuen. Oso latza izan zen", dio Ainara Bakedanok. Akusazioek aurkeztutako frogek, eta lekukoen adierazpenek, dena den, beraiek adierazi zutena berretsi dutela uste du: "Argi gelditu da gazte mugimenduaren aurkako erasoa dela, lotsagarriak direla aurkeztu dituzten frogak, eta Euskal Herriko sektore aktiboenen kriminalizazioa bilatzen dela".

Auzitegitik kanpora, ordea, nabaritu dute elkartasunetik konpromisora pasatzeko deiari erantzun diotela herritarrek. Herrietako sustengu taldeak, mobilizazioak... modu askotan iritsi zaie konpromiso hori, baita nazioartetik ere. "Etengabe egon gara babestuak, esaterako, Madrilgo mugimendu ezkertiar eta gazte mugimenduen aldetik. Oso pozik gaude alde horretatik". Aurrerantzean ere konpromisoa beharko dela nabarmendu dute, ordea: "Konponbiderako garaia da. Epaiketa honek eta bestelako erasoek ez dute lekurik".

Ezkutatu, gizarteratzeko

Lau auzipetuk epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten, eta gainontzekoek ere bat egin dute dinamika horrekin. Bilboko manifestazioan eta beren herrietako batzar, hedabide eta azoketan hainbat aldiz agertu dira geroztik; azkenengoz, Durangoko Azokan, joan den igandean. "Hasieratik esan ziguten gogoa zeukatela tresna desobediente bat sortzeko, ez beraientzat, herritarrei zabaltzeko baizik", azaldu du Ion Andak. Ez zuten uste Durangon halako erantzunik jasoko zutenik, eta indartuta joan ziren Madrilera. "Badakigu Goizane eta Unai oso pozik geratu zirela, eta pentsatzen dugu Idoia eta Irati ere hala egongo direla".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.