Argi Perurena euskal presoaren bost lagunek auto istripua izan zuten lehengo ostiralean hari bisita egitetik bueltan zirela, Etxerat elkartek esan duenez. "Sakabanaketak eragindako istripua da".
Euskal Herritik 800 kilometrora dago preso Perurena, Rennesko (Frantzia) kartzelan, eta haren lagunek Niort eskualdean izan zuten ezbeharra. Bi heldu eta hiru haur zihoazen autoan, eta kamioi batek haien kotxea jo zuen. Bost lagunek ez zuten zauririk izan eta autoak ere ez zuen kalte eduki.
Presoen senide edo lagunek aurten izandako bosgarren istripu "larria" izan da. "Gure senide eta lagun euskal preso politikoen aurka Frantziako eta Espainiako estatuek indarrean dituzten salbuespen neurrien ondorio dira aipatu istripuak", Etxeratek salatu duenez. "Euskal preso politikoak beraien ingurune familiar, sozial eta politikotik bakartu nahian, Euskal Herritik ehunka kilometrora diren kartzeletan dituzte, eta minutu gutxi batzutan beraiekin egoteko, astea joan eta astea etorri munduari hogei buelta ematea adina kilometro eginarazten dizkigute. Ondorioz, heriotzak, ondorio fisiko larriak, izugarrizko odoluste ekonomikoa... eragiten dizkiguten istripuak jasaten ditugu".
Etxeratek presoak Euskal Herrira ekar ditzatela exijitu du.
Bisitak debekatu
Txabi Aretxaga eta Tomas Intxausti euskal presoen senideek eta lagunek, berriz, asteburuan bisitarik gabe geratu behar izan dutela salatu du Etxeratek. Biak Espainian daude preso (Aretxaga Valladoliden, 355 kilometora, eta Intxausti Cordoban, 870era) "eta, ehunka kilometro egin ostean, 'bis'-ik eta bisitarik gabe geratu dira haien senideak eta lagunak, kartzeleroek hala nahi izan dutelako".
Euskal presoak
Argi Perurena presoaren bost lagunek istripua izan dute bisitatik bueltan zirela
Bi heldu eta hiru haur zihoazen kotxean, eta inor ez zen zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu