Analisia

Argia bezain nahasia

Jon Rejado.
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Nahasia da Urkulluk haustura hidraulikoaren harira egindako gogoeta. Hamar aldiz irakurrita ere, aldi bakoitzean zerbait berria ateratzen diot. Nahasia da, baina, aldi berean, oso argia: fracking-a hauteskunde kanpainan bete-betean sartu da. Egon zitezkeen zalantza apurrak larunbatean uxatu zituzten Gasteiz bete zuten milaka lagunen oihuek.

Fracking-ari buruz esandakoek botoen zenbaketan eragingo dute, eta baita fracking-aren aurka esandakoek ere —ez dut uste alde agertzen denak boto askorik irabaziko duenik—. Hortaz, zer jarrera hartu lehendakari gisa hori sustatu baduzu? Zer jarrera hartu 2006an zure alderdiak egitasmoa abiarazi bazuen? Nahasia da kontua...

Gasteizen bildutakoen nahia argia da. Fracking Ez plataformaren lana txalogarria izan da; eredugarria nola informatu eta kontzientziatu duen. Energia eredu «suizida» batez ohartarazi du, baita horri aurre egiteko beharraz ere. Agian, une aproposa da beste pauso bat emateko, bultzada baliatuta etxez etxe beste eredu bat eraikitzen hasteko. Argi dago noizbait izan beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.