Politika
Argiñanok eta Berasategik deklaratu dute Andreu epailearen aurrean
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuren aurrean lekuko gisa deklaratzera joan behar izan dute gaur Karlos Argiñano eta Martin Berasategik. Epaitegitik aterata ez dute inolako adierazpenik egin. Guardia Zibilak joan zen hilean atxilotu zuen Jose Luis Beotegi ustezko ETAko kideak deklaratu zuen bi sukaldari horiek eta Pedro Subijana eta Juan Mari Arzakek ETAren 'iraultza zerga' ordaintzeko gutuna jaso zutela, eta azken biek behintzat ordaindu zutela. Argiñanok eta Berasategik zerga hori ordaindu ote zuten jakin nahi du epaileak. Beotegik torturak salatu zituen.
Auzitegiko iturrien arabera, Andreu epaileak bihar aterako du sekretupetik auzi hau, eta gainera, bi zatitan banatuko du. Zati horietako bat ustezko ETAkoen kontrakoa litzateke, eta bestea berriz, euskal sukaldarien kontrako salaketa. Iturri horien arabera, bigarren zati hori artxibatzeko asmoa du epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu