Goizeko bederatzietan itzuli dira Kaskaroteneko hamahiru ikasleak ikastolara, Omiasainduko bakantzen ondoren. Haurrek irri artean hasi dute sartzeko lehen eguna, baina gurasoen artean haserrea da nagusi, Guy Poulou auzapezak aurreko astean argindarra moztu ondoren. Gurasoek esan dute eguerdian generadore bat jarriko zutela argindarra izateko. Jarri bitartean, zenbait gurasok kandelak eraman dituzte argia izan dadin, eta haurrak esku-argiekin sartu dira ikasgelara.
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak azaroaren 8ko manifestaziora joateko deia egin du gaur berriro. Gainera, gaurtik hasita eta ostiralera arte, Kaskarotenearen aldeko elkarretaratzeak eginen dira 17:30ean, Ziburuko biribilgunean. Ikasturtea normal-normal hasi zuten ikasleek irailean, baina ikastolak eguneko ehun euroko isuna ordaindu behar izan du. Kanpaina bat egin zuten dirua biltzeko, eta joan den astean 4.370 euro ordaindu zituzten. Hori gutxi ez, eta laukoiztu egin nahi du isuna auzapezak.
Urriaren amaieran hainbat eragilek Durangon salatu zuten polizia bidaltzeko mehatxua ere jaso duela Kaskarotenea ikastolak.
Poulou, berean
Poulou eskola publikoaren sartzean izan da gaur, eta, besteak beste, kazetariekin mintzatu da. Aurreko astean BERRIArekin mintzatu zen Ziburuko auzapeza, eta ikastola hustu beharra berretsi zuen. "Zenbat urtez iraungo du honek? Guk eremu horren beharra dugu". Auzapezak zioen "ulertzen" duela haurrak errezibitzen dituen egoitza bati argindarra kendu izanak mindu dezakeela: "Baina zergatik daude hor haurrak? Hortik joatea ukatzen duen elkarte bat eta gurasoak daudelako. Baina bukatzen bada bukatu behar den bezala, joanen dira nik proposatu lekura".
Oporretan izan dira aurreko astean ikasleak, eta auzapezak ikastolaren aurkako mehatxua gogortu du tarte horretan. Joan den asteazkenean argindarra kendu zion Ziburuko Herriko Etxeak ikastolari. Poulouk, bestalde, Kaskaroteneak orain arte jasotako eguneko ehun euroko isuna laurehun eurotara igotzea proposatu du. "Auzitegiak isuna alda dezake, eta, beraz, bai, gehiago eskatuko diet. Besterik gabe", adierazi zion BERRIAri.
Ziburuko Marinela auzoko eskola publikoaren eremutik kanporatu nahi du Poulouk ikastola, baina nora joan ez daukatela diote bertako arduradunek. Bitartean, gizarte eta kultur eragile gehiagoren babesa jaso du Kaskaroteneak. Manifestazioa egingo dute datorren larunbatean Ziburun, herriko etxearen jarrera salatu eta ikastolarentzako konponbidea eskatzeko.