Eduardo Moreno Bergaretxe Perturren familiak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileari eskatu dio desagertzearen garaian izandako zenbait gertaera ikertzeko, auziarekin, eta, bereziki, Espainiako zerbitzu sekretuek Italiako neofaxistekin izan zezaketen lotura zehazteko baliagarriak izan daitezkeelakoan:
•
•Iragarritako ofentsiba. Pertur desagertu baino 24 egun lehenago La Voz de España egunkari frankistak zabaldu zuen egun horietan ETAren bi adarretako buruzagien aurkako «ofentsiba» bat prestatzen ari zirela pertsona batzuk eta ekintza horiek egiteagatik dirua jasoko zutela. «Hamar milioi hiltzaileak hiltzeko» zioen tituluak, eta ETAren buruzagien zerrenda bat zekarren. Horien artean, Pertur azaltzen zen, ETA pm-ko zuzendaritzako kide gisa. Pertur desagertu eta bi hilabete inguru geroago, desagertzea ETA barruko «kontu garbiketa» batekin lotzen zuen hipotesia zabaltzen hasi zen aurreko albistea idatzi zuen kazetari bera.
•Amaren atxiloketa. Pertur desagertu baino lau hilabete lehenago, Perturren ama Marta Bergaretxe Ituarte atxilotu zuen Espainiako Poliziak Biriatuko mugan. Legez kanpoko atxiloketa izan zen, polizia etxean eduki beharrean, Lopez Maturana Irungo poliziaburuaren etxean eduki baitzuten hiru egunez. Atxiloketa horri buruzko azalpenik ez diote eman Bergaretxeri, ez orduan ezta ondoren ere.
•Muga pasatzeko debekua. Pertur desagertu eta ondorengo egunean, muga zeharkatzea debekatu zieten haren gurasoei. Semea non egon zitekeen jakiteko asmoz egin nahi zuten bidaia Donibane Lohizunera, baina Biriatuko mugan Poliziak gelditu zituen. «Bahiketaren» berri bazutela adierazi zieten poliziek gurasoei, desagertzeari buruzko salaketarik ez bazegoen ere. Gertaera hori buruz irekitako espediente informatiboan jasotzen denez, muga zeharkatzea debekatu zieten gurasoei, poliziek «ardura handiz» jokatzeko agindua zutelako. Handik egun gutxira, muga zeharkatzeko aukera izan zuen Perturren amak, eta guardia zibil batek hari esan zion «esku beltz bat» zegoela guztiaren atzean.
•Trukerako proposamena. Pertur desagertu eta bost egun geroago Unidad egunkari frankistak, Radio Nacional de Españak zabaldutako informazio batzuei jarraituz, aditzera eman zuen eskuin muturreko talde batek «elkar ulertze» batera iritsi nahi zuela ETArekin. «Ezer berririk ez Perturren inguruan», zioen tituluak; eta hau azpitituluak: «Bahitutako bi poliziak etarraren trukean?». Kontua da Pertur desagertu baino bi hilabete inguru lehenago Espainiako bi polizia desagertu zirela Hendaian.
Hala ere, egunkari horren informazioaren atzean aurrekari bat zegoen; Pertur desagertu baino lehenagoko gertaera batekin lotura zuena, Perturren amaren legez kanpoko atxiloketarekin, hain zuzen ere. Frantziako Justiziak dokumentatu duenez, Irungo poliziaburuak Bergaretxe bahitua zeukan bitartean, Irungo polizia etxetik bidalitako gutun bat eman zieten bi jendarmek Pierre Larzabal Sokoako apaizari eta Jakes Abeberri abokatuari. Desagertutako poliziak azaltzen baziren Bergaretxe aske utziko zutela zioen gutunak. Frantziako Poliziak hori jakin zuenean, bi jendarmeei galdeketa egin zien, eta haiek aitortu zuten kontu hori asmatua zela. Espainiako poliziekin harremana ohikoa zela nabarmendu zuten jendarmeek.
•Zerbitzu sekretuak. Angel Ugarte Espainiako zerbitzu sekretuetako (SECED) buru zen Pertur desagertu zenean; Espía en el País Vasco elkarrizketa liburuan dio bere ustez ETAk bahitu eta hil zuela Pertur. Hala ere, hainbat kontraesan uzten ditu agerian. Batetik, dio Perturrek rol garrantzitsua jokatzen zuela orduko ETAren bi adarretan. Desagertu izan ez balitz ETAren «ideologo-antolatzailea» izango zela ziurtatzen du.Abokatuei harrigarri egiten zaie, hori hala izanik, Pertur desagertu zenean Espainiaren segurtasunaren arduradunek gertaera ez ikertzea. Era berean, Pertur ETAren buruzagietako bat bazen, familiaren abokatuentzat ez litzateke arraroa izango Espainiako Poliziaren zerbitzuekin harremana zuten mertzenario taldeen jo puntuan egotea Pertur.
Liburu horretan ere, Ugartek dio garai hartan ETA m-ko bi kiderekin hitz egin zuela. «Perturren desagertzeari buruz hitz egin genuen, uste bainuen su-eten bat lortzeko egiten ari ginen saioetan gakoetako bat zela». Ugartek dio elkarrizketa horretan ETA m-ko kideek ukatu egin zutela euren parte hartzea. Hala ere, «gako» hitza erabilita Ugartek aitortzen du desagertzea su-eten bat lortzeko erabili zuela. Zer zekien, beraz?
Argitu gabe dauden zenbait gertaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu