Argituz-ek eskubide sozialen behatoki bat sortu nahi du Gasteizen

Giza eskubideen aldeko elkarteak jardunaldi batzuk egingo ditu ostiralean eta larunbatean, Donostian, eta ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Gasteizen

Argituz-eko Ibarrondo, Iriarte eta Bertha Gaztelumendi, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 14a
14:19
Entzun

Eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenarekin lotura dutenak Gasteizen zein neurritaraino betetzen diren jakin nahi du Argituz giza eskubideen alde lan egiten duen elkarteak, eta, horretarako, jardunaldi batzuk egingo ditu hirian bertan, datorren ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean. Juan Ibarrondo irabazi asmorik gabeko elkartearen kidearen esanetan, jardunaldi horiekin oinarriak jarri nahi dituzte Gasteizen eskubide sozialen behatoki bat sortzeko. Donostian ere jardunaldiak egingo dituzte asteon, Memoria eta egia jakiteko mekanismoak. Esperientzia lokalak eta globalak izenburupean, eta, Bertha Gaztelumendi Argituz-en bozeramailearen arabera, Gipuzkoako hainbat herritan alor horretan aurrera eramandako prozesuak aztertuko dituzte, Arrupe aretoan.

Jardunaldiak gaur aurkeztu dituzte Gasteizen. Ostegunean hasiko dira Arabako hiriburuan egingo direnak, eta Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate izandakoak irekiko ditu (17:00). Gero, eskubide sozialen panoramika bat eskainiko du, bideokonferentziaz, Christian Curtis NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoko aholkulariak; emakumezkoen eskubideak ditu aztergai (17:30). Ordu erdi geroago, Eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenarekin lotutakoak: bigarren mailako eskubideak? hitzaldia emango du Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak. 18:45ean, Eskubide sozialekin lotutako behatoki baten beharra eta funtzionamendua hitzaldia emango du Irene Escorihuela Bartzelonako Eskubide Sozialen Behatokiko zuzendariak. Lehen eguneko egitaraua Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasleak eta aktibistak itxiko du (19:30), Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiari begirada bat eskainiz. Debatea egongo da gero.

Ostiraleko egitaraua Argituz-eko Ibarrondok eta Felix Iriartek irekiko dute (18:00), Manzanares Cortes txostena aurkeztuz, zeina «praktika txarren adibide bat» den eskubide sozialen ikuspuntutik. 19:00etan mahai ingurua egingo dute, eskubide sozialak Gasteizen betetzen ote diren aztertzeko. Hainbat kolektibotako kideak mintzatuko dira. Debate batekin itxiko dute bigarren eguna.

Larunbat goizean, 11:00etan, bisita gidatu bat egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean. Gentrifikazio prozesuei eta etxebizitza eskubidearen gaiari helduko diete.

Donostian, memoria eta egia

Donostiakoak ostiral arratsaldean hasiko dira (16:15), Jon Mirena Landa EHUko Zuzenbide katedradunaren Egia ezagutzeko mekanismoak: helburuak, praktika eraginkorrak eta etorkizuneko aukerak hitzaldiarekin. Debatea egongo da gero, eta, hori bukatuta, Irantzu Mendia, Gloria Guzman eta Iker Zirion EHUko ikerlariek hartuko dute hitza, Genero ikuspuntua egia ezagutzeko mekanismoetan hitzaldiarekin (17:30). Debate batekin bukatuko da lehen eguna.

Bigarren eta azken egunean, larunbatean, bizikidetza eraikitzeko helburuarekin elkarrizketaren kulturak duen garrantziaz arituko da Jenny Pearce, bideokonferentziaz (09:15). London School of Economics-eko irakaslea da, eta Latinoamerika eta Karibeko egoera aztertu du. Mahai ingurua egingo dute ondoren, 10:00etan, Memoria partekatu bateranzko txostenak izenburupean. Parte hartuko dute Gipuzkoako hainbat herritako alkateek: Aizpea Otaegik (Errenteria), Agustin Valdiviak (Lasarte-Oria), Ane Beitiak (Elgoibar), Maider Lainezek (Andoain), Maria Ubarretxenak (Arrasate) eta Koldobike Olabidek (Legazpi).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.