Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak "ETAren indarkeriaren eta indarkeria politikoaren biktimen oroimen bateratzailea" eratzeko aukera aztertu du Orain da Garaia. Posible al da esparru lokalean biktimen oroimen bateratzailea? txostenean. Gaur aurkeztu du txostena, eta Andres Krakenberger eta Carlos Martin Beristain Argituz-eko kideak izan dira bertan.
Oroimen bateratzaile hori lortzeko, zenbait gomendio jaso ditu elkarteak txostenean. Besteak beste, "erabilera politikoa saihestea, biktimen kontsulta eta parte hartzea erraztea, eta biktimen tratua eta errespetua berdintasunez egitea proposatu du. Argituzen ustez, etorkizunean oroimen bateratua eraiki nahi bada, alde guztien urratsak beharko dira.
"Ezker abertzaleak, ETAk eta Estatuak urratsak egin behar dituzte giza eskubideen urraketen aitorpenean eta alderdi batzuk ere aitortu beharko dute eskubide urraketa asko babestu eta estali dituztela" .
Txostena hiru zatitan banatuta dagoela azaldu dute. Lehenengoan, giza eskubideen urraketen biktimei eskainitako erantzukizunaren aitortza ekintzak eta oroimen kolektiboko neurri sinbolikoen nazioarteko esperientzia aztertzen da. Bigarrenean, EAEn burututako hainbat esperientzia ikertzen dira, arazoak, zailtasunak eta protagonisten hausnarketak azalduz. Bereziki arazotsuak diren kasuak aztertzen dira, eta Estatuko agenteen, GALen eta ETAren biktima ezberdinen testigantzak jasotzen dira.
Hirugarren atalean, berriz, Euskal Herriari dagokion oroimen kolektiboa eraikitzeko erronkak eta ikasketak jorratzen dira. Azaldu dutenez, txostena egiteko, "sentsibilitate politiko ezberdinetako" eragile eta biktimekin elkarrizketak egin ziren, eta eztabaida publikoa eta liskarra sortu duten hainbat kasu ezagun ikertu ziren.
ETAk ekintza armatuen etena iragarri aurretik landuta dago dokumentua.