Ahal Dugu indartsu sartuko da Eusko Legebiltzarrean, EHUk egiten duen Euskobarometroaren arabera; eta horrek galera ekarriko die gainerako alderdiei; EAJk 4-5 eserleku galduko ditu; EH Bilduk zortzi; PSOEk sei; PPk 1-2; eta UPDk ere galdu egingo luke daukan bakarra. Ciudadanosek ere lekua izango du Legebiltzarrean, inkesta horren arabera. Eserleku bat eta hiru artean eskuratuko lituzke. Parte hartzea %67koa litzateke, eta azpimarratzekoa da, erantzuna eman dutenen %24k ez daukala argi zein boto emango lukeen.
Ahal Duguren sarrerak alde batera utziko du orain arteko joera; eta Legebiltzarrean ez dute gehiengorik izango abertzaleek; bai ordea ezkerrean kokatzen diren indarrek. Hala ere, Gobernu abertzalea posible litzateke EAJ eta EH Bildu elkartuta eta Podemosen abstentzioarekin edo babesarekin; eta ezkerreko gobernua ere bai, Ahal Dugu eta EH Bildu elkartu eta PSE-EE abstenituz edo elkartuz gero. Beraz, EAJk ez du izango PSErekin orain duen gehiengoa, eta behartuta egongo da sozialisten babesaz gain beste alderdiren batena lortzera.
EHUk 600 etxetan egindako inkestaren emaitza dira gaur emandako datuak. Urtarrilaren 19tik 31ra egin zuten galdera, EUSTATek erabiltzen duen metodoa aplikatuta.